martes, 4 de octubre de 2011

Ozono geruza, sekula baino zulatuago

Aintzane LARRAÑAGA
Munduko hainbat erakundetako eta NASAko zientzialarien arabera, 2011ko udaberrian, Ozono geruza %80 murriztu da Artikoan, Antartidako mailak berdinduz. Inoiz izandako desegiterik handiena da aurtengoa; izan ere, beste urteekin alderatuz, muturreko tenperaturek ohikoa baino 30 egun gehiago iraun dute Artikoan, geruza larriki kaltetuz.

Ozono geruzak azken hilabeteetan izandako eboluzioa
Zientzialariek Nature aldizkariari adierazi diotenez, Munduko Meteorologia Agentziak udaberrian udan adina erradiazio ultramore atzeman zituen, eta honen arrazoia aztertzen hasi zirenean ohartu ziren Ozono geruza izugarri ari zela murrizten Artikoan, bost aldiz Alemaniaren azalera hartzeko moduko zuloa sortuz.

Aurrez aipatutako moduan, Ipar Poloan udaberrian izandako muturreko tenperaturek bultzatu dute izpi ultramoreen aurkako ezkutuak jasandako kaltea. Hotzak gizakiak atmosferara jaurtitzen dituen sustantzia kimikoen kloroa Ozonoarentzat kaltegarri bihurtzen du; beraz, aurten Artikoan hotz gehiago egin duenez, desegite prozesua izugarri azeleratu da, bideo honetan ikus daitekeen moduan.

domingo, 2 de octubre de 2011

Erosketak eramateko robota

 

Seguruenik gehienok pentsatuko zenuten halakoren bat zein ondo egongo litzatekeen, batez ere supermerkatutik etxera poltsaz beteta goazenean. Nahi honi erantzuna emateko erosketak eramateko pentsatuko robota asmatu dute Tokyoko Teknologia Institutuan. Low Cost izango omen da asmakizun berria, eta jabeak kable bitartez gidatuko du. Ondorengo bideoan ikus daitekeen bezala.
Ikus daitekeen bezala, robotak hainbat aldapa eta oztopo pasa ditzake, duen gurpil sistema bereziari esker. Esan bezala kablearen bitartez kontrolatuko da; horrela, robotak guk nahi dugun abiadura eta norabidea jarrai dezake. Gainera kablearen luzeera eta hartutako posizioa kontutan hartuta erabiltzailearen posizioa kalkulatzeko gai da tramankulua.

Diseinua egiterako orduan, ilargirako edo planetaz kanpoko misioetarako egindako diseinuetan oinarritu dira zientzialariak, baina ezberdintasun batekin: Hemen helburua ez da kanpo espazioa ezagutzea, baizik eta eguneroko bizitza pixka bat erraztea.  Elektrizitate bateria baten bitartez funtzionatzen du, eta honek 2,5 km-ko autonomia du. Hala ere, hurrengo prototipoetan 5 km-tako autonomia lortzea dute helburu zientzialariek.
Inbentuaren erabilgarritasuna zalantzan jarri duten hainbatek, baina egia esan erabilgarria izan daiteke, adibidez pisurik eraman ezin dutenentzat edo adineko jendearentzat. Oraintxe bertan zientzialariak hainbat enpresekin hitzegiten dabiltza, produktua merkaturatzeko.

Alderantzizkatutako etxeorratza Mexico DF-n


Bai, ongi entzun duzue, alderantzizkatutako etxeorratza, EarthScraper. Horixe da, hain zuzen ere, BNKR Arquitectura arkitektura estudio mexikarrak Mexiko DF-ko Zokalo plaza ospetsurako proposatzen duena. Estudio honek lurrazpian 300 metro hedatzen den azpiegitura erraldoia proposatzen du. Proposamen honen arrazoia garbia da, izan ere, dentsitate handiko eraikin bat nahi zuten eta era berean plazaren eta hiriaren irudia mantendu. Horrexegatik aukera nahiko logikoa dirudi eraikinak gora egin beharrean behera egitea.

Eraikinak hainbat erabilpen ezberdin izango ditu. Alde batetik, zati handi bat mexikar historiaren inguruko museo bat egiteko erabiliko da. Honek lotura du eraikinaren izaerarekin; izan ere, mexikarren historian eraikinak aurretik egondakoen gainetik eraiki dira: Eraikin kolonialak erakin azteken gainean eraiki ziren, eta gaur egungoak eraikin kolonialen gainetik. Hori dela eta, eraikin honek beherako bidea hartzean mexikar historiako kapa ezberdinak aurkituko ditu. Beraz, toki ezinhobea dugu mexikakoko historiari buruzko museo bat hartzeko. Gainera, hainbat etxebizitza eraikiko dira eta baita denda, ofizina eta beste hainbat proiektu ere.
Eraikina hutsa da barrutik eta lurrazala kristalez osatua egongo da; alde batetik argia sar dadin eta bestalde hondoa ikusteko. Gainera, modu horretan plazak gaur egun hartzen dituen ekintzak hartzen jarraitu dezake. Barruan ere, hainbat zubi izango dira, hondora begiratzeko. Guztira 775.000 metro karratu izango ditu eraikin honek. Hainbat sari eta errekonozimendu jaso ditu ideiak, eta besteak beste eVolo aldizkariaren sarietan finalera iritsi zen 2010ean.

sábado, 1 de octubre de 2011

Gamefesten bigarren edizioa abian da

Iaz izandako arrakasta errepikatu asmoz, irailaren 29an hasi zen Gamefest, bideojokoen jaialdiaren bigarren edizioa Madrilen. Urriaren 2an amaituko da, eta ordurarte, IFEMA pabilioira gerturatzen direnek bideojokoen munduko azken berrikuntzak, laster kaleratuko diren joko eta kontsolak eta sorpresa ugari ikusi ahal izango dituzte.


Lau egun hauetan zehar 60.000 bisitari inguru espero dituzte antolatzaileek, iazko edizioan baino 20.000 gehiago. Izan ere, bideojokoak maite dituztenentzat, paradisua da Gamefest, oraindik kaleratu gabe dauden joko ugari probatzeko aukera ematen baitzaie bertan. Atal desberdinetan banatzen da jaialdi hau, fabrikatzaile bakoitzak bere gunea baitauka. Honela, Sony, Nintendo, Activision, Konami eta Electronic Arts enpresak aurki ditzakegu Gamefesten, euren berrikuntzak erakusteko asmoz. 

Jaialdian aurkeztutako berrikuntzen artean, azpimarratzekoa da Sonyk aurkeztutako Playstation Vita kontsola. 12 unitate daude ikusgai tramankulu berriarentzat prestatutako stand berezian, eta, bost minutuz, edonork jolastu dezake erabilgarri dauden jokoetan.

Aurkeztu diren bideojoko ugarietako bat probatu daiteke stand honetan

Jende ilara handiak sortu dituzte, besteak beste, Activision etxeak aurkeztutako Call of Duty: Modern Warfare 3 bideojokoak eta THQ enpresak NBA 2K jokoa erabili ahal izateko muntatutako autobus izugarriak. Baina, berrikuntza ugari aurkeztu arren, nostalgikoek ere badute euren txokoa Gamefesten: Super Mario Bros eta Sonic bezalako pertsonaia famatuen irudiak ikus daitezke jaialdiko edozein bazterretan, eta klasikoak oraindik bizirik daudela erakutsi dute jaialdiaren antolatzaileek.

Firefox 7 nabigatzaile berria


Eneritz LARREA
Mozilla fundazioak Firefox 7 nabigatzaile berria aurkeztu du, Firefox 6a kaleratu eta hilabete eta erdira. Jada bezeroen esku dago eta bere web orrialdetik deskargatu daiteke.

MAC, Windows eta Linux sistema operatiboetan  erabili daitekeen nabigatzaile berri honek, memoriaren erabilera murriztu eta motorraren hobekuntzarekin nabigatzaile azkarrago bat eskaintzen du.
Memoriaren kontsumoa betidanik kritikatu izan dute Firefox nabigatzailearen erabiltzaileek. Ondorioz, lehenengo aldia da memoriaren erabilera murrizteko lanetan ibili direna. Mozilla konpainiak prentsaurreko batean adierazi duenaren arabera,  Firefox 7 nabigatzaileak memoriaren % 50 gutxiago kontsumituko du. Horrez gain, web orriak azkarrago kargatzeko Windows sistema operatiboetan motor ‘renderizatzaileak’ aplikatu dituzte.

Nabigatzailearen erabileran ere aldaketa batzuk egin ditu Mozillak, markagailuen eta pasahitzen sinkronizazioa hobetu du, geroz eta jende gehiagok erabiltzen baitu nabigatzaile hau mugikorretan. Horrez gain,  ‘http://’  prefijoa ere ezkutatu du, garai batean Google Crome nabigatzaileak egin zuen bezala.

Aipatu beharra dago Telemetry aplikazioa. Honek, memoriaren informazioa eta arrankearen abiadura kontsultatzeko aukera ematen du. Arazoren bat izanez gero, erabiltzaileek nabigazioari buruzko informazioa eta kexak bidaltzeko aukera izango dute, Mozillak hurrengo kaleratuko duen nabigatzailea hobetu ahal izateko.

Alfonbra hegalaria sortu dute Princeton unibertsitateko ikertzaileek

Askotan errealitateak fikzioa gainditzen duela esan ohi da. Eta beste behin, fantasiazko munduetan soilik ikusi dugun zerbait errealitate bihurtu da. Princeton unibertsitateko Noah Jafferis ikasle amerikarrak eta bere ikertzaile taldeak alfonbra hegalaria sortu berri dute. Plastikozkoa da, eta hamar zentimetro inguru neurtzen ditu luzeran. Martxan jartzeko, korronte elektrikoek sortutako uhinak behar ditu, eta horiei esker, airean egon daiteke, segunduko zentimetro bat mugituz.

Itxura hau du alfonbra hegalariak

'Applied Physics Letters' aldizkarian eman zuten ikertzaileek asmakizunaren berri, eta BBC kateak adierazi duenez, diseinuan aldaketak eginez, etorkizunean segunduko metro bat desplazatzeko gai izango omen da.

Proiektuan parte hartu duten ikertzaileen hitzetan, alfonbra hegalariaren sekretu nagusia malgutasuna da; izan ere, plastikozko xaflaren elastikotasuna jakinda, hegan egiteko egokiena duen korronte elektrikoa aplikatu ahal izan diote.

Bi urte luze pasatu dira Princeton unibertsitatean proiektu honekin hasi zirenetik, eta ikerketa ordu guztiek euren fruituak eman dituzte azkenean. Baina hau hasiera baino ez dela adierazi du Noah Jafferisek. Izan ere, etorkizunean pertsonak garraiatzeko moduko alfonbra garatu nahi duela dio. Oztopo nagusia? Pertsonak eraman ahal izateko, gutxienez 50 metro luze neurtu beharko du, aireratzeko beharrezkoak dituen bateriak eta korronte elektrikoak kokatu ahal izateko. Hala ere, Jafferis baikorra da, eta egunen batean bere asmakizunak jendea Martitzera eraman ahal izango duela sinesten du. Batek daki, agian Aladin berriaren aurrean egon gaitezke!




Pisua galtzen laguntzen duen robota

Eneritz LARREA


Denok nahi izan dugu noizbait pisua galtzeko dietaren bat egitea, baina askotan dietarekin hasi eta bi egun barru egunerokora itzultzen gara. Amaitu dira arazoak! Badaukagu gure artean dieta bat jarraitzea errazagoa egingo duen robota.

Cory kidd, robotekin gizakien interakzioan espezialista dena, asmakizun honen sortzailea da. 2010ean aurkeztu zuen proiektua eta bertan azaldu zuen egunero robotarekin pare bat minutuz hitz egiteak beraien artean erlazio bat sortu eta pertsonen bizimodua aldatzeko gai izango dela makina.

‘Autom’ du izena, 40 zentimetro, aurpegi inozentea eta begi urdin handiak dituen robot maitagarriak. Bere sortzaileek diote, dietarekin jarraitzeko beharrezkoa den informazioa, aholkuak eta janari osasuntsu eta kirolaren inguruan hitz egiten duela bezeroarekin.

Robot txiki honek, ukipen-pantailatxo bat dauka sabelean. Bertan, bezeroak egunero zenbat kaloria jan dituen eta kirolik egin duen gorde behar du. Dietarekin aurrerapenak izan dituen jakiteko.
Bezeroa txerrikeriak jaten dabilela edota kirola egin beharrean telebista aurrean baldin badago segituan konturatzen da ‘Autom’. Bere begi handiekin aurpegiak errekonozitzeko gaitasuna dauka eta bere begiradarekin bezeroa errudun sentiaraziko du.

Jada salgai dago berrikuntza hau,  Intuitive Automata konpainiaren bitartez erosi daiteke. 670 euro balio ditu robotak, horrez gain, hilero 80 euro ordaindu behar dira zerbitzu pertsonalizatua izateko.


Hainbeste ordaindu ostean, ea nor ez den gai robot honen aginduak jarraitzeko!