viernes, 16 de diciembre de 2011

Zurien etxean blaugranak nagusi


Bartzelonak 1-3 irabazi dio Real Madrili Santiago Bernabeun jokatutako klasikoan

Aintzane LARRAÑAGA
Erakustaldi berri bat eman zuen larunbatean Pep Guardiolaren Bartzelonak. Santiago Bernabeun jokatutako klasikoan, katalanek jada mundu guztiak miresten duen joko azkar eta ikusgarria erakutsi zuten beste behin, eta 1 eta 3ko emaitzarekin gailendu ziren Real Madrilen aurka. Jose Mourinho entrenatzaile portugaldarraren taldeak ez zuen blaugranen jokoari aurre egiterik izan, eta minutua baino lehen Karim Benzemak zurien markagailua aurreratu zuen arren, Guardiolaren mutilek ez zuten aparteko arazorik izan emaitzari buelta emateko.

Victor Valdés atezain katalanaren hutsegite batetik heldu zen Benzemaren gola, partidua hasi eta 22 segundura. Bernabeuko afizioak kantu eta txaloekin ospatu zuen gol goiztiar hura, baina pozak ez zien gehiegi iraun, blaugranak laster hasi baitziren jokoaren nagusitasuna eskuratzen. Messik munduko onena zergatik den erakutsi zien Madrilen bildutako guztiei, eta Cristiano Ronaldorekin duen, edo hedabideek sortu dioten borrokan, garaipen argia eskuratu zuen. Jokaldi guztietan maisuki aurrera ateratzen jakin zuen; portugaldarra, aldiz, merengeen joku eskasaren atzean ezkutatu zen, eta ez zuen jakin abaguneak aprobetxatzen.
 
 Berdinketa lehen zatiko 29. minutuan iritsi zen Alexis Sanchez txiletarraren eskutik. Messiren pase baten ondoren, Sanchezek ederki gainditu zuen Iker Casillas atezaina, markailua 1 eta 1ean utziz atsedenaldian.

Bigarren zatian, Real Madril are gehiago moteldu zen zelaian, Bartzelonari nagusitasun osoa utziz. Honela, eta Marceloren laguntzarekin, Xavik katalanentzat bigarren gola eskuratu zuen 52. minutuan. Hortik aurrera, bi taldeek hainbat aukera izan zituzten markagailuak gizentzeko. 61. minutuan Alexisen jaurtiketa batek Casillasen eskuetan amaitu zuen, eta lau minutu beranduago, buruz errematatu zuen Cristiano Ronaldok, baina honek ere huts egin zuen. Ez zen egunik onena izan erdilari portugaldarrarentzat.


Amaitzeko 25 minuturen faltan, Bartzelonak partidua erabakita utzi zuen, Cesc Fabregasek talde blaugranarentzat hirugarrena eskuratzean. Dani Alves atzelariaren erdiraketa bikain baten ostean, bigarren zutoinean agertu zen Fabregas, eta baloia sarera bildali zuen buruz eginiko erremate eder batekin.

Bukaeran Kakak aukera bikaina izan zuen markagailua mugitzeko, baina saiakera hutsean gelditu zen. Epaileak amaiera adierazi zuen, eta Bernabeuko hiru puntuak Katalunia alderantz joan ziren, futbol erakustaldi izugarri baten emaitz gisa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario