martes, 13 de diciembre de 2011

Gabonak: ospakizuna ala negozioa?

Kontsumismoa da nagusi Gabon garaian, krisi gogorra pairatzen ari garen arren

Aintzane LARRAÑAGA
Iritsi da abendua. Negua ere laster iritsiko da. Baina oraindik eta lehenago iritsi direla dirudi Gabonak. Ospakizun nagusiak hilaren 24an, Gabon Gauean, hasten diren arren, urtero gero eta lehenago ikus ditzakegu gabon argiak kaleetan. Panpinazko Olentzero ugari etxeetako balkoietan eskegita ikusten ditugu ia hotza egiten hasi baino lehen, eta dendak jendez beteta izaten ditugu abendua iritsi orduko. Izan ere, urtero gero eta lehenago ekiten diogu Gabonak prestatzeari. Azkenean udarekin lotuko ote ditugu festa negutiar hauek?

Gabonen jatorria
Gabonak kristautasunak asmatutako ospakizunak direla uste dugun arren, festa hauen jatorria paganoa da. Antzinako paganoek, duela milaka urte, neguko solstizioaren etorrera ospatzeko asmatu zuten Eguberria, eguna berriro luzatzen hasten dela ospatzeko jaia. Paganoek asmatutako pertsonaiak dira egun Gabonetako ikur gisa erabiltzen ditugunak, besteak beste, apaingarriz jositako pinua, Olentzero, Santa Claus eta Kataluniako Tió de Nadal.



Ohitura zahar hauek kristautasunak berreskuratu ditu azken mendeetan, Jesusen jaiotza ospatzeko, baina kristauek ez zuten data hau kasualitatez hautatu; Jesusen jaiotza garai honetan izan zela frogatu gabe dagoen arren, data hauek kristauen festa bihurtzearen xede nagusia paganismoari amaiera ematen eta kristauak nagusitzea izan zen. Eguberri edo Gabon izenaz gain, Natibitate izena jarri zitzaion Gabon Gaueko ospakizunari, eta Jesusen jaiotzarekin lotu zen.

Gaur egun, paganoek ospatzen jarraitzen duten arren, kristauen festa gisa ezagunagoak ditugu Gabonak, eta fededunen ospakizuntzat hartzen dira sarritan. Urteko ospakizun nagusia da Erromatar Eliza Katolikoarentzat, eta leku askotan, Espainian eta hispanoamerikan, kasu, urtarrilaren 6a arte luzatzen dira ospakizun egunak.

Fede kontua?
Familia katolikoentzat garai seinalatua da Gabon garaia. Jesusen jaiotza ospatzeko garaia da. Maitasuna eta laguntasuna ere sarritan aipatzen diren hitzak dira urteko sasoi honetan. Baina askok maitasuna adieraztea kontsumismoarekin lotu dute azken urteotan. Izan ere, familien batez besteko gastua izugarri igotzen da Gabon garaian, eta Eguberria dirua gastatzearen sinonimo bihurtu da. Sistema kapitalistak bere garapenerako behar duen kontsumismoa bultzatu egiten du urteko garai hauetan. Krisi garaia bizi dugun arren, modu arduratsuan beharrezkoa duguna erosi baino, kontsumituz gozatzen dugu, eta aipatutako maitasuna eta laguntasuna erakusteko erabiltzen ditugu opariak.
Antzinako paganoek, duela milaka urte,
neguko solstizioaren etorrera ospatzeko asmatu
zuten Eguberria, eguna berriro luzatzen
hasten dela ospatzeko jaia.

Deloitte enpresaren ikerketa baten arabera, espainiar estatuan, familia bakoitzak 910 euro inguru gastatzen ditu Gabonetan. Zifra horren %40a elikagaien kontsumora zuzentzen da, eta gainerakoa, oparietara eta bidaietara.

Kontraesanak saltzaileen eta erosleen artean
Gabonak hain goiz hastearen arrazoia ez dago hain argi. “Abenduko lehenengo astean hasten gara Gabonetako kanpaina prestatu eta martxan jartzen, jendeak hala eskatzen duelako” dio Bilboko El Corte Inglés saltokiko Marina Fernándezek. Azpeitiko JM jostailudendako saltzaile Maite Zabaletak ere antzeko iritzia du: “abendua hasi orduko hasten gara Gabonetako katalogoak prestatzen, eta segituan agortzen dira produktu gehienak”.

Erosleek, aldiz, ez dute iritzi bera. Mikel Oruesagasti eta Ainara Gonzalez gazteen ustez, “gehiegizkoa da dendek bultzatzen duten kontsumismoa. Goizegi hasten dira Gabonetako salmentekin”. Beraz, zerk bultzatzen ote du Gabonen aurrerapena, erosleek ala saltzaileek?

Krisia dela eta, hainbeste murrizketa egiteak ez
du ezertarako balio, hilabete lehenagotik
Gabon argiak pizten hasten bagara”
Jose Mari Larrañaga, 4 umeren aita 

Ecologistas en Acción taldeko partaidea da José Martinez, eta Gabonak marketing estrategia hutsa direla uste du. “Urte osoan zehar prezioak direla eta kexatu besterik ez gara egiten, eta Gabonetan, aldiz, erostea baino ez dugu izaten buruan, gauzak garestien dauden momentuan”. Kontsumismoa ekiditeko, irtenbideak badaudela aipatu du Martinezek, “ospakizunetan irudimena erabiliz”.

Hainbeste argi, beharrezkoa?
Gabon giroa apaintzeko, badirudi ezinbestekoa dela kale guztiak milaka argi koloretsurekin hornitzea. Espainiar estatuan, Industria sailak luzatutako datuen arabera, orduko 30 milioi kilowatt kontsumitzen dituzte kaleetan zehar jarritako Gabonetako argiek, 50.000 etxebizitzek urtebetez kontsumitzen dutena adina, eta 10.000 tona karbono dioxido isurtzen dituzte atmosferara. 
Gabon argiak abenduaren hasieratik piztuta daude Bilbon
Herritarren hitzen arabera, nahikoa litzateke Santo Tomas inguruan, abenduaren 21ean, alegia, argiak pizten hastea, eta xahutzen den energia kantitatea gehiegizkoa dela uste dute. Hala dio behintzat 4 haurren aita den Jose Mari Larrañaga azpeitiarrak: “krisia dela eta, hainbeste murrizketa egiteak ez du ezertarako balio, hilabete lehenagotik Gabon argiak pizten hasten bagara. Nahikoa da egun batzuk lehenago piztuta, festak girotzen joateko”.

Beraz, dendariek urteko negoziorik onenak garai honetan egiten dituzten arren, erosleen eta saltzaileen artean kontraesanak daude, eta ez dago argi nork bultzatzen duen Gabonen aurerapen hau. Garbi dagoen gauza bakarra Gabonetako kontsumoa urtez urte hazten doala da, krisi larria pairatzen dugun arren. Horregatik, gure erosketak ahalik eta gehien kontrolatzea besterik ez zaigu gelditzen, sukar kontsumistari aurre eginez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario