lunes, 31 de octubre de 2011

Estatu Batuak pirata txinatar batzuek NASAko bi satelite erasotu dituzten susmoa dauka

Eneritz LARREA

Ordenagailuko programak, beste pertsona batzuen ordenagailuak etab. ‘hackeatzen’ dituzten pertsonak daudela bagenekien  baina oraingoan milaka kilometrotara dauden sateliteak ere erasotuak izan daitezkeela erakutsi dute pirata informatiko txinatar batzuek.

Landsat-7 satelitea
Bloombergagentziak azaldu duenez, 2007 eta 2008 urte bitartean izan ziren erasotuak NASA-ren ‘Landsat -7’ eta ‘Terra  AM-1’ sateliteak. Arduradunek ez dute azaldu pirata informatikoek informazio sekretua lortu zuten eta ez dute albo batera uzten txinatarrek sateliteak suntsitzeko aukera izan zutela.

Atakeak NASA-k Noruegan daukan kontrol estaziotik egin ziren.  Terra satelitea 2008an birritan erasotua izan zen eta erasoak bi eta zortzi minutu ingurukoak izan ziren. Landsat satelitea ere, bi aldiz erasotu zuten 12 minutu inguruz.

Ez dute txinatar gobernua erasoen arduran bezala zuzenean akusatzen. Horrez gain, Txinak ziberatakeetan ez daukala zer ikusirik azaldu du.

John McCarthy hil da

Aintzane LARRAÑAGA

Adimen artifizialaren asmatzaile John McCarthy hil da Kalifornian, 84 urterekin. 1956an, Darmouthen eskainitako konferentzia batean, asmatu zuen 'adimen artifizial' terminoa. Bere ustez, adimendun ordenagailu bat gai izango litzateke gizakiak egiten edo pentsatzen duen edozer gauza simulatzeko. Adimentsua den ala ez determinatzeko, Turing izeneko froga bat pasatzen zien McCarthyk ordenagailuei. Egun, oraindik ez du inork froga hori pasatu, baina McCarthyk eginiko aurrerakuntzei esker, badirudi muga horretatik gertuago dagoela informatikaren mundua.

John McCarthy, adimen artifizialaren aita

LISP ordenagailuen programazio lengoaia ere McCarthy asmatu zuen. Honi esker, 1958an, historiako lehen xake partida jokatu ahal izan zuen ordenagailuz. Lengoaia hau gaur egun ere erabiltzen da, eta saltzen diren aplikazio gehienek oinarritzat hartzen dute LISP lengoaia.

viernes, 28 de octubre de 2011

Ericsson, Sonyren esku

Aintzane LARRAÑAGA

Sony enpresa japoniarrak Ericsson multinazional suediarrarekin partekatzen zituen akzio guztiak erosi ditu 1.500 milioi dolarren truke. Honela, bi enpresen arteko aliantza Sonyren esku geratu da bere osotasunean. 

2001. urtean batu ziren bi enpresak, telefonia mugikorraren arloan lankidetzan jarduteko. Salerosketa honen ondorioz, Ericssonek mugikorrak alde batera utziko ditu beste mota bateko produktuak garatzeko. Bestalde, Sonyk bere gain hartuko du mugikorren negozioa, eta ordenagailu eramangarrien, tableten eta telebisten merkatuarekin bateratzeko asmoa du enpresa japoniarrak. Apple erraldoiari aurka egiten saiatzeko estrategia dela diote adituek.

Aliantzak iraun dituen hamar urteetan, Sony Ericssonek 2.086 milioi dolar inguruko irabaziak lortu ditu telefono mugikorren salmentari esker.

miércoles, 26 de octubre de 2011

‘Steve Jobs’ liburua 2011n gehien saldurikoa izan daiteke

Eneritz LARREA
Ez da hilabete pasa apple multinazionalaren sortzaile Steve Jobs hil zenetik eta jada bere biografia, Amazon denda birtualean dago. 2011n gehien salduriko liburuen artean egon daitekeela azaldu du Amazon.com-eko bozeramaile Brittany Turner-ek. Walter Isaacson, Times aldizkariko editore ohia da ‘Steve Jobs’ liburuaren idazlea eta pasaden astelehenean kaleratu zuen liburua. Bertsio digitala berriz, igande gauerako iBooks Apple-en denda birtualean eskuragarri zegoen.
2004an eskatu zion Jobs-ek  Isaacson-i liburua idatz zezan eta hasiera batean eskaintza ukatu zuen. Azkenean, onartu egin zuen Jobs-ek minbizia zeukala eta ondorioz operatua izan behar zela jabetu zenean. 40 elkarrizketa inguru (azkenengoa Jobs hil zen aste berean) eta bi urtez idazten egon ondoren plazaratu du liburua.

Microsoft kanala 'hacker' batzuek erasotu dute

Eneritz LARREA
Pasaden igandean Youtube-ko Microsoft kanala ‘hacker’ batzuek erasotua izan zen, bideo guztiak borratu eta beste bideo batzuekin ordezkatu zituzten. Jada konpondu dute arazoa eta berriro ere lehengo bideoak aurkitu ditzakegu Microsoft-en kanalean.
‘Hacker’-ek kanalean zintzilikatu zituzten bideoak hiru lau segundokoak ziren, bertan, ikusleei bideoen inguruko komentarioak egiteko eskatzen zitzaien. Oraindik ez dakite nola lortu zuten kanalaren pasahitza, baina, Microsoft-eko langile batek pasahitzarekin izandako deskuidu baten ondorioz izan daitekeela azaldu du Naked Security-k.
Ez da Microsoft izan ‘hacker’-en erasoa pairatu duen kanal bakarra. Pasaden astean Barrio Sesamo haurrentzako kanalari ere berdina gertatu zitzaion. Bertako bideo guztiak material pornografikoa zeukaten bideo batzuekin ordezkatuak izan ziren, baina segituan lortu zuten berriro ere normaltasunera itzultzea. Bi kanaletan gertatu dela ikusita, egongo al da hirugarren bat?

lunes, 24 de octubre de 2011

Enfokatu eta klik! ..edo ez?



Ba oraingo honetan erantzuna ez da. Ohiko kamaren erabiltzaileok argazkia atera baino lehenago enfokatu egiten dugu, baina Lytro etxeak atera berri duen kamarak prozesua alderantziz egitea ahalbidetzen du, hau da, argazkia atera ondoren, guk aukeratutako zonaldea enfokatzea.
Lytro-ren kamera
Mikrolente sistema aurreratu bati esker da posible hau. Sistema honek argazkiaren inguruko datu guztiak biltzen ditu, eta argazkiak 3D-tan atera daitezke. Ondoren argazkian klik egin eta hautatutako zonaldea manipulatzea soilik falta zaigu. Argazkian zuzenketak egiteko algoritmo bat erabiltzen da. Algoritmo hau argazkiari lotuta joaten da, modu honetan argazkia norbaitekin telefono, ordenagailu edo tablet bidez konpartitzean hartzaile honek ere eraldatu ahal izango du. Momentuz MAC-erako soilik dago eskuragarri, baina enpresa Windows eta mugikorretarako bertsioak prestatzen ari da.
Barrutik bakarrik ez, kanpotik ere bereziak dira kamara hauek, izan ere, irudian ikus daitekeen bezala laukizuzenak dira 1,4"-ko pantailarekin. Forma berezi honi esker, kamera esku bakarrarekin eutsi daiteke. Prezioari dagokionean, bi prezio ditugu, modelo ezberdinen arabera. "Merkeak" 399 balio ditu, eta gehiago gastatu nahi duenak badu beste bertsio bat 499 dolarekoa.

Hemen probak egin daitezke argazkiak berrenfokatuz.

Alderdi Humanista sinadurak biltzen Leioako Kanpusean

ELKARRIZKETAREN BIDEOA IKUSTEKO EGIN KLIK HEMEN
Alderdi Humanista (hemen), 1984an sortutako alderdia, Azaroak 20ko huteskundeetan egoteko behar dituen sinadurak biltzen izan zen aurreko astelehenean, Leioako kanpusean. Izan ere, hauteskunde lege beriaren ondorioz, errepresentazio gabeko alderdiek zentsuaren %0,01-aren sinadurak behar dituzte aurkeztu ahal izateko. Alderdi Humanistako ordezkari Jose Manuel Vazquez-ekin egon gara, eta honek gaitzetsi egin du lege berria, eta "lotsagarri"-tzat jo du. Bere iritziz, "trabak jartzen ari dira alderdi txikiak paretik kentzeko".
Vazquez-ek unibertsitateko ikasleen jarrera goraipatu du. Izan ere dio kaletik jendeak ez duela lege berria ezagutzen, eta asko kostatzen dela sinadurak biltzea. Hemen berriz, jendea "informatuago" dagoela, eta erantzunarekin "oso pozik" daudela aipatu du: "jendeak erraztasunez sinatzen du, nabari da ikasleak gauzak aldatu nahi dituzten pertsonak direla".
Tartea aprobetxatuz alderdiak defenditzen dituen hainbat puntu ere aipatu ditu Vazquezek, hala, nola, "benetako demokrazia, interesik gabeko banka publikoa eta denentzako osasun hezkuntza publiko eta doahakoa".

sábado, 22 de octubre de 2011

Spotify BlackBerry-ra iritsi da

Eneritz LARREA
iPhone, Android eta Windows Phone bezalako mugikorretan gozatu dugu Spotify musika erreproduzitzen duen aplikazioa eta jada iritsi da BlackBerry sakelako telefonoetan deskargatzeko aukera. Oraindik, ez da BlackBerry App World-en katalogoan aurkitzen baina jada badaude web orrialde batzuk aplikazioa deskargatzeko aukera ematen dutenak.

Spotify-k bere blog ofizialean adierazi du oso pozik daudela aplikazioaren jaurtiketarekin nahiz eta bi urte beranduago iritsi izan BlackBerry-etara. Milioika kantu entzun eta musika listak offline egiteko aukera eman du Spotify-k. Horrez gain, BlackBerry-rako aplikazioak, musikarekin gauza gehiago egiteko aukera ematen die erabiltzaileei.

Aplikazioa 9780 Bold, 9700 Bold, 9300 Curve, 9000 Bold, 8520 Curve eta GSM sarea daukaten mugikorretan funtzionatzen du beraz, 9800 Torch eta CDMA sarea daukatenek ezin izango dute deskargatu. Horrez gain, mugarik gabeko zerbitzu bat jasotzeko erabiltzaileek ‘Premium’ kontu bat izan beharko dute.

martes, 18 de octubre de 2011

Buzz sare soziala itxiko du Googlek

Aintzane LARRAÑAGA

20 hilabete. Horixe izan da Googlek sortutako Buzz sare sozialak bizirik iraun duen denbora. 2010eko otsailean, Facebook eta Twitterri aurre egiteko asmoz sortu zuen enpresa estatubatuarrak, baina orain ziklo horri amaiera eramatea erabaki du Larry Page, Google-en sortzaileak. Izan ere, enpresak bere indar guztiak Google+ sare berrian kontzentratu nahi dituela adierazi du.

Buzz-ek arazo ugari eman dizkio Google-ri bere sorreratik. Sare sozial honek Gmail zerbitzuko erabiltzaileen informazioa partekatzen zuen automatikoki; beraz, jende asko kexatu zen euren pribatutasuna urratzen zuelako. AEBtako Komunikazioen Komisio Federalak ere gertutik begiratzen zituen Buzz-en jarduerak, erabiltzaileen eskubideak babestu ahal izateko.

Buzz sareaz gain, beste hainbat zerbitzu ere bertan behera utziko ditu aurki enpresa estatubatuarrak, Google+ baita orain bere lehentasuna. Hilabete gutxi daramatza aktibo, baina jada 40 milioi erabiltzaile lortu ditu mundu osoan zehar. Beraz, batek daki noraino iritsiko den munduko bilatzaile famatuenaren nagusitasuna sarean.

Googleren azken mugimenduei buruko informazio gehiago aurki daiteke hemen.

Sakelakoan ere euskaraz

Aintzane LARRAÑAGA

Euskaraz ikasteko aplikazio bat sortu berri du Elhuyar fundazioak mugikorretarako. Donostian egin dute Moblang tresna berriaren aurkezpena Elhuyar fundazioko zuzendari Itziar Nogeras, aplikazioaren arduradun Danel Solabarrieta eta Zipreko Neurozientzia eta Teknologia Institutuko zuzendari Yiannis Laourisek.

Aplikazio honekin, euskaraz ez dakiten helduak hizkuntza ikastera bultzatu nahi dira. Horretarako, gaztelania-euskara eta euskara-gaztelania hiztegiak, hitzak praktikatzeko irudiak, audioak... eta abar eskaintzen ditu. Hau guztia moblang.eu webgunetik deskargatu daiteke, eta mugikorrean instalatu ondoren, edozein momentutan erabili.

Momentuz MicroSD txartela duten mugikorretan edota Java aplikazioa exekutatzen dutenetan soilik dago erabilgarri, baina iPhone eta Android sistemetan ere jarriko dutela adierazi dute Nogeras, Solabarrieta eta Laourisek.

Proiektu hau Europako Batasuneko Hezkuntza eta Kultura Batzordearen babespean eraman da aurrera, eta nazioarteko hainbat enpresek eman diete laguntza Elhuyar fundazioko kideei.

lunes, 17 de octubre de 2011

BlackBerry-k aplikazioak oparituko dizkie bezeroei akatsak konpentsatseko

Eneritz LARREA
Research in Motion (RIM), BlackBerry mugikorren konpainiak komunikatu batean jakinarazi du, aplikazioetan 5.000 milioi euro ( 72 euro inguru bezero bakoitzeko) oparituko dituela bere bezeroen artean, pasaden asteko zerbitzu eskasaren ondorioz.  Horrez gain, bezero guztientzako hilabete batez zerbitzu asistentziak dohainik eskainiko dituztela  azaldu dute.

Aplikazioak asteazkenetik (urriak 19) aurrera deskargatu ahal izango dira 2011ko Abenduaren 31 arte, BlackBerry App World-en katalogotik. Oraindik ez daude aplikazio guztiak ikusgai baina ‘SIMS 3’, ‘Begeweled’ eta ‘Texas Hold’em Poker 2’  aplikazioak deskargatzeko aukera egongo dela azaldu du konpainia kanadarrak.

Mike Lazaridis, BlackBerry konpainiako zuzendari exekutiboak azaldu du,  oso pozik daudela bezeroen pazientzia eta leialtasunarekin,  eta lanean jarraituko dutela horrelakorik berriro gertatu ez dadin.

domingo, 16 de octubre de 2011

Googlek irabaziak %26 igo ditu 2011an

Mundua azken hamarkadetako krisi garai sakonenean dagoen hontan, milaka enpresa itxi diren honetan, estatu osoak xoxik gabe dauden honetan ere Google irabazten atera da. %26-koa izan da multinazional estatubatuarrak azken urte honetan izan duen irabazien igoera. Hain zuzen ere, 2.170 milloi dolar irabaztetik 2.730 dolar irabaztera pasa da.
Honen atzean hainbat faktore aurkitzen ditugu; alde batetik, Google da gaur egun interneteko bilatzaileetan jaun eta jabe, eta baita beste hainbat sektoretan ere: blogak (blogspot), etab. Gainera bere Android sistema operatiboarekin salto handia egin du telefono mugikorren eremura, eta hau ere nabari da emaitzetan. Izan ere, eta neurri handi batean aplikazioei esker, Android indar handia irabazten ari da smartphonen mugikorren artean.
Orain Google-en erronka bide berriak aurkitzean du, eta bertan aurkitzen du etsaia: Facebook. Izan ere, gaur egun interneteko erraldoiek duten gerra sare sozialetan libratuko dela ia zihurra da. Bide honetatik Google-ek Google+ sare soziala jarri du martxan orain dela gutxi. Larry Page Google-eko zuzendariak nabarmendu duenez, iada 40 milioi erabiltzaile ditu sare sozial honek. Hala eta guztiz ere, eremu honetan Facebook-ek abantaila nabaria du, 800 milioitik gora erabiltzaile ditu eta. 
Orokorrean, berri onak Google-entzat, eta bere akzioak berriro ere gora eta gora, ea etorkizunak zer ekartzen digun.

Argazki sekuentziak Androiden


Android.es, Espainiako Android erabiltzaile eta garatzaile taldeak bere twitter kontuan (hemen) ematen du aplikazio honen berri. Nahiz eta azken urteetan aurrerapen handiak egin diren mugikorreko argazkilaritzaren munduan, oraindik ere hutsune nabariak daude, eta aplikazio honek horietako bat betetzen du. Izan ere 100 argazkirainoko argazki sekuentziak ateratzea ahalbidetzen du, kalitate handian. Gainera argazki hauek zuzenean partekatzeko aukera ere ematen du aplikazioak. HEMEN eros daiteke.

Gainera, Twitter kontu berak adierazi duenez, zabalik da Androiden garapen taldearen twitterra. Interesa duenarentzat honako helbidean jarrai dezake: @Android. Keinu honekin Android-zaleen eskaera bat betetzen dute, eta ikusten denez harrera bikaina izan du, pare bat egunean 74.000 jarraitzaile lortu ditu eta.

Egunerokotasunetik berehalakotasunera

Aintzane LARRAÑAGA

Guztiok dakigun bezala, gaur egun gero eta garrantzi handiagoa du Internetek, eta kazetaritzaren mundua hankaz gora jarri du sarearen hedapenak. Aldaketa hauen inguruan aritu da Josetxo Rodriguez, deia.com webguneko arduraduna, Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko hainbat ikasleren aurrean. 

Rodriguezen hitzetan, egungo irakurleak, gutxi gorabehera, minutu bat eta hamabi segundu eskaintzen dizkio albiste bakoitzaren irakurketari, eta guztira lau minutu inguru behar ditu webguneari begirada bat emateko. Hori dela eta, ziberkazetariak ahalik eta modu erakargarrienean aurkeztu behar ditu berriak, estekak, irudiak, bideoak, audioak, eta abar erabiliz. 

Webguneen erabilera masiboa dela eta, jada atzean gelditzen ari da 'egunkari' kontzeptua. Rodriguezek esan bezala, orain albisteak gertatu eta berehala publikatzen dira, hurrengo eguneko egunkariaren zain egon beharrik gabe. Beraz, aurrez prestatutako plantila batzuk erabiliz, euren ustez garrantzitsuenak diren albisteak ordena jakin batean kokatzen dituzte ziberkazetariek, webguneak beti antzeko itxura izaten duelarik.

Kazetaritza modalitate berri honekin, idazle-irakuleen arteko interaktibitatea izugarri hazten da, albistearen inguruan iruzkinak utzi eta boto positibo nahiz negatiboak emateko aukera ematen baitzaio webgunearen erabiltzaileari. Lana egiteko modua ere asko aldatu dela aipatzen du Rodriguezek; izan ere, papereko edizioa prestatzen duten kazetariengandik aparte jartzen dira kazetari digitalak, edota kanpotik egiten dute lana, ordenagailu eramangarriak erabiliz. Bestalde, lan taldean tekniko bat ere egon ohi da, webgunearen itxura eta aldaketak zaintzeko.

sábado, 15 de octubre de 2011

iPhone 4S, marka guztiak hausten

Aintzane LARRAÑAGA
Apple enpresa estatubatuarraren mugikor berria, iPhone 4S-a, jada salgai dago AEBtan, eta marka guztiak hausten ari da. Izan ere, sagarraren markak Twitterren adierazi duenez, lehenengo egunean agortu dira gailu berriak. 4 milioi unitate inguru saldu direla uste da; beraz, Apple-en modelo berria eskuratu gabe gelditu direnek itxaron egin beharko dute.


Jende ugari pilatu da azken egunetan Apple dendetan, azken artikulu teknologikoa euren eskuetan izateko asmoz. Zale amorratuenek 15 egun edo gehiago pasa dituzte kalean, kanpalekuak eta guzti muntatuz.

Aurkeztu zen egunean kritika ugari jaso zituen arren, garbi gelditu da Apple-k teknologiaren mundua hankaz gora jartzen duela kaleratzen duen berrikuntza bakoitzarekin. 

viernes, 14 de octubre de 2011

Twitter-ek izango du 'Tweet' hitzaren kontrola

Eneritz LARREA

Azkenean Twitter miniblog-en web orrialdea eta Twittad publizitatea online egiten duen enpresa akordio batera iritsi dira ‘tweet’ hitzaren erabileraren inguruan. 2009. urtetik Twitterrek hainbat enpresa demandatu ditu hainbat aplikazioetan Tweet hitza erabiltzearen ondorioz eta Twittad enpresa ere lista horren partaide bilakatu zen Irailean.

Twitterrek  demandatu egin zuen Twittad enpresa bere eslogana “utzi zure iragarkiak Tweet-ak aurkitu ditzan” zelako. The Wall StreetJournal egunkariak adierazi duenez, bi enpresak akordio batera iritsi dir. Miniblog-en enpresak izango du hitzaren kontrola baina Twittad-ek erabiltzeko eskubidea izango du.

James Eliason, Twittad enpresako zuzendari exekutiboak ez du azaldu bi enpresen arteko akordioa ekonomikoa izan den. Horrez gain, istorio honek erakusten duena marka komertziala erregistratua eta patenteen erregistroan egoki babestuta izan behar dela gehitu du. 

Panasonic-ek burua garbitzeko robota kaleratu du

Eneritz LARREA

Gaur egun denetarik daukagun mundu honetan, zaila da imajinatzea zientzialariak zer gehiago asmatzeko kapazak diren. Erosketak eramateko robotak, pisua galtzen laguntzen dutenak..  Eta oraingoan Panasonic enpresak gizakien burua garbitzeko kapaza den robota asmatu du.

Pasaden urtean iragarri zuen enpresa japoniarrak,  horrelako robot bat kaleratzeko asmoa zeukala eta aurten CEATEC 2011 Japoniako teknologia azokan aurkeztu du. Gehienok horrelako robot baten eskuetan jartzeko beldurra sentitzen dugun bitartean enpresa japoniarrak zaharren egoitza eta ospitaletara bultzatuko duela adierazi du.

CEATEC 2011 azokan manikiekin egin dituzte probak eta hemen daukagu bideoa, bertan ura botatzen duten hainbat ihinztagailu eta 16 hatz mekaniko ikus ditzakegu, buruko masaje lasaigarri bat emateko. 

lunes, 10 de octubre de 2011

Etxerik ez ordenagailu gabe...?


Aste hontan ikusi dugu Steve Jobs Apple-en sortzailearen heriotza (hemen). Gauza askorengatik gogoratua izango da Jobs: ipoda, iphona, macintosh-ak..., baina bat aipatu nahiko nuke, izan ere, ordenagailu pertsonalak etxe gehienetara heltzeko ametsa egi bilakatu zuen pertsona bezala izango da gogoratua. Hala ere, eta XXI. mendea teknologiko eta zoro honetan buru belarri sartuta gauden honetan, Espainiako etxeen %30-ak ez du oraindik ordenagailurik (Insitituto Nacional de Estadistica, 2011).
Datua arraroa egingo zaigu, nahiz eta askoren etxean ordenagailuen asuntoa nahiko berria egiten den oraindik.%30 horrek, ez daki zer den facebook, ez daki chateatzen, idatzi eskuz egiten du eta argazkiak rebelatu egiten ditu, lehengo erara. Bestaldetik begira, Espainiako etxeen %70ak berriz badu ordenagailu bat, eta hauetatik askok txateatu egiten dute, facebook-en sartzen dira eta argazkiak kable bidez pasatzen dituzte ordenagailura. Eta ez hori bakarrik, askok ezin dute facebook, chat edo tuentirik gabe bizi.
Argi dago Internet eta ordenagailuek gauza on asko eta asko ekarri dituztela, baina ezin dira alde ilunak ahaztu, adibidez, adikzioak. Izan ere, aipatu dut badagoela jendea ezin duena internet gabe bizi, eta hau arazo bihurtu daiteke. Adiccion a Internet webguneko datuen arabera, Espainiar nerabeen %30 adikzio arazoak ditu internetekin. Interneteko erabiltzailen %10a online jokura adikzioa du. World of Warcraft online jokuko erabiltzaileen %54ak ere adikzioa garatu du. Ikusten duzuen bezala arazoa ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, izan ere, adikzio hauek arazo psikologikoak eta isolamendu soziala sor, besteak beste.
Gauzak horrela, goraipatu ordenagailu pertsonalak, goraipatu Steve Jobs, bultza dezagun alfabetazio digitala... baina ez ditzagun ahaztu Interneten erabilera gehiegizkoak sortzen dituen arazoak, hurrengo gu eror gaitezke eta.

domingo, 9 de octubre de 2011

"Nire semea gay al da?"

Lehenago ere hitzegin dugu smartphonetako aplikazioen inguruan (hemen), eta aipatu genuen aplikazio hauen alde on bat, edonork (dakienak behintzat) sortu ditzazkeela hain zuzen ere. Honek teorian gauza ona izan behar luke, baina bestalde, edonork edozer gauza "kolatzea" ahalbideetzen du.

Horixe gertatu zaio Gloogle-i, eta azkenean aplikazio bat merkatutik kendu behar izan du. Aplikazio hau " Is my son gay" deitzen da (Nire semea gay al da?), eta bere existentziak homosexual eta homosexual ez direnen protestak ekarri zituzten. Suposatzen da aplikazio honekin semea homosexuala den asma dezakeela gurasoak. Google berak aitortu aplikazioak ez zituela enpresako arauak betetzen, baina aurretik AllOut.org taldeak kanpaña global bat abiarazi zuen Twitter bidez, aplikazioa kentzeko eskatuaz.

Aplikazioaren irudiak
Hainbat arrazoi daude aplikazioa kentzeko. Alde batetik, mutilei soilik zuzedua dago, emakumeen homosexualtasuna ignoratzen. Baina okerrena mutil hoien sexualitatea asmatzeko egiten ziren galderak dira. Homosexualitatearen inguruko klitxeetan erortzen zen etengabe aplikazioa, adibidez, galdetzen zuen ea semeak futbola gustoko duen, orrazten zenbat tardatzen duen.... hamaika ikusteko jaioak gara!

Baina ez da guztia, izan ere, ematen duenez aplikazioaren egilea bera homosexuala da, eta aplikazioa broma moduan egin omen du, prestatuta duen nobela baten promozioa egiteko. Nobela honetan gurasoek gay dela jakiten duten gazte bat istorioa kontatzen du.

jueves, 6 de octubre de 2011

Steve Jobs hil da

Aintzane LARRAÑAGA

Apple multinazionalaren sortzaile Steve Jobs hil da Palo Alton, Kalifornian, 56 urte zituela. Enpresa estatubatuarrak bidalitako komunikatu baten arabera, izugarrizko galera izan da Applerentzat, teknologiaren geinua baitzen.

Jakina da Jobsek minbizia zuela, eta abuztutik ez zen Appleren aurkezpen eta ekitaldietan agertzen, bere kargua Tim Cooken esku utzi baitzuen. Asteartean ere ez zen bertaratu Tim Cookek iPhone 4S aparailu berria aurkezteko ospatutako ekitaldira.

1976an sortu zuen Apple konpainia bi lagunekin batera, baina hamar urte beranduago bota egin zuten. 1996an berriro sartu zen bere enpresan, baina bitartean ez zuen denbora galdu, Pixar animazio estudioa bultzatu baitzuen. Hortik aurrera, Jobsek teknologiaren mundua hankaz gora jarri zuen iMac, iPod, iPhone eta iPad bezalako asmakizunekin, eta iTunes denda birtualarekin musikaren negozioa erabat aldatzea lortu zuen.
Jobsen omenez sarean zabaldu den logoa
Estatu Batuetako presidente Barack Obamak, Microsoften sortzaile Bill Gatesek eta Jobsen lankide Tim Cooken euren atsekabea adierazi dute teknologiaren magoaren heriotza dela eta, eta sarean milaka pertsonek utzi dituzte Jobsen memoriaren aldeko iruzkin eta bideoak.

miércoles, 5 de octubre de 2011

7az hasten diren mugikor zenbakiak


Eneritz LARREA


Norbaiti mugikorreko zenbakia eskatu eta zazpi zenbakiarekin hasten dela entzutean broma bat dela pentsa dezakegu baina jada amaitu dira 6-arekin hasten ziren mugikorren zenbakiak.  Operadoreek guztia gertu daukate, larunbatetik aurrera alta ematera joaten diren bezeroek 7-arekin  hasten den zenbakia izango dute.

Movistar, Vodafone, Orange eta Yoigo izango dira numerario berria izango dutenak, bakoitzak 100.000 numero inguru izango ditu saltzeko prest. Hala ere, CMT-ek azaldu duenez oraindik erabilgarri daude 6-az  hasten diren zenbakiak, baina poliki-poliki zenbaki berriak saltzen hasiko dira jendea ohitu dadin.


2009an hasi ziren 7-az hasten ziren zenbakien tramiteak egiten eta 80 milioi zenbaki prestatu zituzten. Ordutik, operadoreak lanean jardun dute guztia prest izateko.

martes, 4 de octubre de 2011

Agur Zune


Eneritz LARREA


Microsoft-ek pasaden asteartean agur esan zion Zune musika irakurgailuari. Konpainiak aparatuaren web orrialdean azaldu du ez dituztela irakurgailu hauek gehiago fabrikatuko eta orain, Windows phone mugikor berrian zentratuko direla. Horrez gain, aparatuarentzako zerbitzuak martxan daudela oraindik eta azkenengo urtean erosi dutenek bermea izaten jarraituko dutela adierazi du Microsoft-ek.

2006an kaleratu zuen konpainiak Zune musika irakurgailua, Apple-en iPod-ari aurre egiteko asmoz. Bost urtez Microsoft-en katalogoan salgai egon ostean, Apple, Kaliforniako enpresa multinazionalak,  izugarrizko indarra daukala erakutsi du Microsoft-en aparatua eklipsatuz. Honetaz gain, ‘smartphone’-ak sortu zirenetik indarra galduz joan da Zune musika irakurgailua, fabrikazioak ateak itxi dituen arte.
Erabaki honen ostean Microsoft-ek indar guztiak ‘smartphone’ eta ‘tablets’-etan zentratuko du. Baina erosleak lasai egon daitezke, Microsoft-ek argi azaldu du bezeroenganako zerbitzuak lehentasuna izango duela beti. Horretarako, hainbat web orrialde zabaldu ditu erosleei informazio desberdina eskainiz.

Ozono geruza, sekula baino zulatuago

Aintzane LARRAÑAGA
Munduko hainbat erakundetako eta NASAko zientzialarien arabera, 2011ko udaberrian, Ozono geruza %80 murriztu da Artikoan, Antartidako mailak berdinduz. Inoiz izandako desegiterik handiena da aurtengoa; izan ere, beste urteekin alderatuz, muturreko tenperaturek ohikoa baino 30 egun gehiago iraun dute Artikoan, geruza larriki kaltetuz.

Ozono geruzak azken hilabeteetan izandako eboluzioa
Zientzialariek Nature aldizkariari adierazi diotenez, Munduko Meteorologia Agentziak udaberrian udan adina erradiazio ultramore atzeman zituen, eta honen arrazoia aztertzen hasi zirenean ohartu ziren Ozono geruza izugarri ari zela murrizten Artikoan, bost aldiz Alemaniaren azalera hartzeko moduko zuloa sortuz.

Aurrez aipatutako moduan, Ipar Poloan udaberrian izandako muturreko tenperaturek bultzatu dute izpi ultramoreen aurkako ezkutuak jasandako kaltea. Hotzak gizakiak atmosferara jaurtitzen dituen sustantzia kimikoen kloroa Ozonoarentzat kaltegarri bihurtzen du; beraz, aurten Artikoan hotz gehiago egin duenez, desegite prozesua izugarri azeleratu da, bideo honetan ikus daitekeen moduan.

domingo, 2 de octubre de 2011

Erosketak eramateko robota

 

Seguruenik gehienok pentsatuko zenuten halakoren bat zein ondo egongo litzatekeen, batez ere supermerkatutik etxera poltsaz beteta goazenean. Nahi honi erantzuna emateko erosketak eramateko pentsatuko robota asmatu dute Tokyoko Teknologia Institutuan. Low Cost izango omen da asmakizun berria, eta jabeak kable bitartez gidatuko du. Ondorengo bideoan ikus daitekeen bezala.
Ikus daitekeen bezala, robotak hainbat aldapa eta oztopo pasa ditzake, duen gurpil sistema bereziari esker. Esan bezala kablearen bitartez kontrolatuko da; horrela, robotak guk nahi dugun abiadura eta norabidea jarrai dezake. Gainera kablearen luzeera eta hartutako posizioa kontutan hartuta erabiltzailearen posizioa kalkulatzeko gai da tramankulua.

Diseinua egiterako orduan, ilargirako edo planetaz kanpoko misioetarako egindako diseinuetan oinarritu dira zientzialariak, baina ezberdintasun batekin: Hemen helburua ez da kanpo espazioa ezagutzea, baizik eta eguneroko bizitza pixka bat erraztea.  Elektrizitate bateria baten bitartez funtzionatzen du, eta honek 2,5 km-ko autonomia du. Hala ere, hurrengo prototipoetan 5 km-tako autonomia lortzea dute helburu zientzialariek.
Inbentuaren erabilgarritasuna zalantzan jarri duten hainbatek, baina egia esan erabilgarria izan daiteke, adibidez pisurik eraman ezin dutenentzat edo adineko jendearentzat. Oraintxe bertan zientzialariak hainbat enpresekin hitzegiten dabiltza, produktua merkaturatzeko.

Alderantzizkatutako etxeorratza Mexico DF-n


Bai, ongi entzun duzue, alderantzizkatutako etxeorratza, EarthScraper. Horixe da, hain zuzen ere, BNKR Arquitectura arkitektura estudio mexikarrak Mexiko DF-ko Zokalo plaza ospetsurako proposatzen duena. Estudio honek lurrazpian 300 metro hedatzen den azpiegitura erraldoia proposatzen du. Proposamen honen arrazoia garbia da, izan ere, dentsitate handiko eraikin bat nahi zuten eta era berean plazaren eta hiriaren irudia mantendu. Horrexegatik aukera nahiko logikoa dirudi eraikinak gora egin beharrean behera egitea.

Eraikinak hainbat erabilpen ezberdin izango ditu. Alde batetik, zati handi bat mexikar historiaren inguruko museo bat egiteko erabiliko da. Honek lotura du eraikinaren izaerarekin; izan ere, mexikarren historian eraikinak aurretik egondakoen gainetik eraiki dira: Eraikin kolonialak erakin azteken gainean eraiki ziren, eta gaur egungoak eraikin kolonialen gainetik. Hori dela eta, eraikin honek beherako bidea hartzean mexikar historiako kapa ezberdinak aurkituko ditu. Beraz, toki ezinhobea dugu mexikakoko historiari buruzko museo bat hartzeko. Gainera, hainbat etxebizitza eraikiko dira eta baita denda, ofizina eta beste hainbat proiektu ere.
Eraikina hutsa da barrutik eta lurrazala kristalez osatua egongo da; alde batetik argia sar dadin eta bestalde hondoa ikusteko. Gainera, modu horretan plazak gaur egun hartzen dituen ekintzak hartzen jarraitu dezake. Barruan ere, hainbat zubi izango dira, hondora begiratzeko. Guztira 775.000 metro karratu izango ditu eraikin honek. Hainbat sari eta errekonozimendu jaso ditu ideiak, eta besteak beste eVolo aldizkariaren sarietan finalera iritsi zen 2010ean.

sábado, 1 de octubre de 2011

Gamefesten bigarren edizioa abian da

Iaz izandako arrakasta errepikatu asmoz, irailaren 29an hasi zen Gamefest, bideojokoen jaialdiaren bigarren edizioa Madrilen. Urriaren 2an amaituko da, eta ordurarte, IFEMA pabilioira gerturatzen direnek bideojokoen munduko azken berrikuntzak, laster kaleratuko diren joko eta kontsolak eta sorpresa ugari ikusi ahal izango dituzte.


Lau egun hauetan zehar 60.000 bisitari inguru espero dituzte antolatzaileek, iazko edizioan baino 20.000 gehiago. Izan ere, bideojokoak maite dituztenentzat, paradisua da Gamefest, oraindik kaleratu gabe dauden joko ugari probatzeko aukera ematen baitzaie bertan. Atal desberdinetan banatzen da jaialdi hau, fabrikatzaile bakoitzak bere gunea baitauka. Honela, Sony, Nintendo, Activision, Konami eta Electronic Arts enpresak aurki ditzakegu Gamefesten, euren berrikuntzak erakusteko asmoz. 

Jaialdian aurkeztutako berrikuntzen artean, azpimarratzekoa da Sonyk aurkeztutako Playstation Vita kontsola. 12 unitate daude ikusgai tramankulu berriarentzat prestatutako stand berezian, eta, bost minutuz, edonork jolastu dezake erabilgarri dauden jokoetan.

Aurkeztu diren bideojoko ugarietako bat probatu daiteke stand honetan

Jende ilara handiak sortu dituzte, besteak beste, Activision etxeak aurkeztutako Call of Duty: Modern Warfare 3 bideojokoak eta THQ enpresak NBA 2K jokoa erabili ahal izateko muntatutako autobus izugarriak. Baina, berrikuntza ugari aurkeztu arren, nostalgikoek ere badute euren txokoa Gamefesten: Super Mario Bros eta Sonic bezalako pertsonaia famatuen irudiak ikus daitezke jaialdiko edozein bazterretan, eta klasikoak oraindik bizirik daudela erakutsi dute jaialdiaren antolatzaileek.

Firefox 7 nabigatzaile berria


Eneritz LARREA
Mozilla fundazioak Firefox 7 nabigatzaile berria aurkeztu du, Firefox 6a kaleratu eta hilabete eta erdira. Jada bezeroen esku dago eta bere web orrialdetik deskargatu daiteke.

MAC, Windows eta Linux sistema operatiboetan  erabili daitekeen nabigatzaile berri honek, memoriaren erabilera murriztu eta motorraren hobekuntzarekin nabigatzaile azkarrago bat eskaintzen du.
Memoriaren kontsumoa betidanik kritikatu izan dute Firefox nabigatzailearen erabiltzaileek. Ondorioz, lehenengo aldia da memoriaren erabilera murrizteko lanetan ibili direna. Mozilla konpainiak prentsaurreko batean adierazi duenaren arabera,  Firefox 7 nabigatzaileak memoriaren % 50 gutxiago kontsumituko du. Horrez gain, web orriak azkarrago kargatzeko Windows sistema operatiboetan motor ‘renderizatzaileak’ aplikatu dituzte.

Nabigatzailearen erabileran ere aldaketa batzuk egin ditu Mozillak, markagailuen eta pasahitzen sinkronizazioa hobetu du, geroz eta jende gehiagok erabiltzen baitu nabigatzaile hau mugikorretan. Horrez gain,  ‘http://’  prefijoa ere ezkutatu du, garai batean Google Crome nabigatzaileak egin zuen bezala.

Aipatu beharra dago Telemetry aplikazioa. Honek, memoriaren informazioa eta arrankearen abiadura kontsultatzeko aukera ematen du. Arazoren bat izanez gero, erabiltzaileek nabigazioari buruzko informazioa eta kexak bidaltzeko aukera izango dute, Mozillak hurrengo kaleratuko duen nabigatzailea hobetu ahal izateko.

Alfonbra hegalaria sortu dute Princeton unibertsitateko ikertzaileek

Askotan errealitateak fikzioa gainditzen duela esan ohi da. Eta beste behin, fantasiazko munduetan soilik ikusi dugun zerbait errealitate bihurtu da. Princeton unibertsitateko Noah Jafferis ikasle amerikarrak eta bere ikertzaile taldeak alfonbra hegalaria sortu berri dute. Plastikozkoa da, eta hamar zentimetro inguru neurtzen ditu luzeran. Martxan jartzeko, korronte elektrikoek sortutako uhinak behar ditu, eta horiei esker, airean egon daiteke, segunduko zentimetro bat mugituz.

Itxura hau du alfonbra hegalariak

'Applied Physics Letters' aldizkarian eman zuten ikertzaileek asmakizunaren berri, eta BBC kateak adierazi duenez, diseinuan aldaketak eginez, etorkizunean segunduko metro bat desplazatzeko gai izango omen da.

Proiektuan parte hartu duten ikertzaileen hitzetan, alfonbra hegalariaren sekretu nagusia malgutasuna da; izan ere, plastikozko xaflaren elastikotasuna jakinda, hegan egiteko egokiena duen korronte elektrikoa aplikatu ahal izan diote.

Bi urte luze pasatu dira Princeton unibertsitatean proiektu honekin hasi zirenetik, eta ikerketa ordu guztiek euren fruituak eman dituzte azkenean. Baina hau hasiera baino ez dela adierazi du Noah Jafferisek. Izan ere, etorkizunean pertsonak garraiatzeko moduko alfonbra garatu nahi duela dio. Oztopo nagusia? Pertsonak eraman ahal izateko, gutxienez 50 metro luze neurtu beharko du, aireratzeko beharrezkoak dituen bateriak eta korronte elektrikoak kokatu ahal izateko. Hala ere, Jafferis baikorra da, eta egunen batean bere asmakizunak jendea Martitzera eraman ahal izango duela sinesten du. Batek daki, agian Aladin berriaren aurrean egon gaitezke!




Pisua galtzen laguntzen duen robota

Eneritz LARREA


Denok nahi izan dugu noizbait pisua galtzeko dietaren bat egitea, baina askotan dietarekin hasi eta bi egun barru egunerokora itzultzen gara. Amaitu dira arazoak! Badaukagu gure artean dieta bat jarraitzea errazagoa egingo duen robota.

Cory kidd, robotekin gizakien interakzioan espezialista dena, asmakizun honen sortzailea da. 2010ean aurkeztu zuen proiektua eta bertan azaldu zuen egunero robotarekin pare bat minutuz hitz egiteak beraien artean erlazio bat sortu eta pertsonen bizimodua aldatzeko gai izango dela makina.

‘Autom’ du izena, 40 zentimetro, aurpegi inozentea eta begi urdin handiak dituen robot maitagarriak. Bere sortzaileek diote, dietarekin jarraitzeko beharrezkoa den informazioa, aholkuak eta janari osasuntsu eta kirolaren inguruan hitz egiten duela bezeroarekin.

Robot txiki honek, ukipen-pantailatxo bat dauka sabelean. Bertan, bezeroak egunero zenbat kaloria jan dituen eta kirolik egin duen gorde behar du. Dietarekin aurrerapenak izan dituen jakiteko.
Bezeroa txerrikeriak jaten dabilela edota kirola egin beharrean telebista aurrean baldin badago segituan konturatzen da ‘Autom’. Bere begi handiekin aurpegiak errekonozitzeko gaitasuna dauka eta bere begiradarekin bezeroa errudun sentiaraziko du.

Jada salgai dago berrikuntza hau,  Intuitive Automata konpainiaren bitartez erosi daiteke. 670 euro balio ditu robotak, horrez gain, hilero 80 euro ordaindu behar dira zerbitzu pertsonalizatua izateko.


Hainbeste ordaindu ostean, ea nor ez den gai robot honen aginduak jarraitzeko!