lunes, 19 de diciembre de 2011

Street art-a saldu egin ote da?

 Asier KORTABARRIA

Mr. Brainwash
Hausnarketa hau pasa zitzaidan burutik Exit Through the Gift Shop dokumental txalotua ikusi ostean. Street art-aren erreferente nagusiak, Banskyk, produzitutako pelikula honetan munduko zeinbat artista ezagutuko ditugu, baina azken finean “artista” baten inguruan hitzegiten bukatzen da, Thierry Guetta “Mr. Brainwash”-en inguruan. Hau, labur kontatuz, bideoafazionatu soila da, eta street artean interesatu eta artista famatuenak ezagutzearekin batera, bera ere “street art” egiten hasten da. Horraino dena ondo, baina ondorengoa… etxea hipotekatu eta “artea” eskala makro batean produzitzen hasten da  Mr. Brainwash, izugarrizko esposizioa montatzen du eta egun gutxitan… ta-txan!! Milioi bat dolar irabazten ditu. Julen Biguri Kalian Gora Kalian Behera blogeko egileak dioen bezala, “kapitalismoaren parodia egiten saiatu zen, kapitalismo barruan amaitzeko”. Zero kaleko artistak ez du sinesten egun batetik bestera artista bihurtu litekeenik, Mr Brainwash bezala: "Hortan bizi osoan dago artista, eta artea bere biziaren ondorioa izan behar da".
Mr Brainwash-en lan bat
 Eta ez da kasu bakarra. Beste kale artista famatu batzuk ere, adibidez Obey-ek, beraien artea komertzializatu dute, eta bere orrialdea bisitatuz ikusiko dugu posterrak, pegatinak, arropa… denetarik saltzen duela. Gainera, Obey izan zen Obamaren kanpainako irudi ospetsua egin zuena, eta beste kanpaina publizitario batzuetan ere parte hartu du. Eta ezin ahaztu Bansky bera ere, izan ere, nahiz eta artista anonimoa den, bere obrak museoetan aurki daitezke, eta paretak bere tokitik kentzera heldu da jendea pareta horiek eBayn diru kopuru izugarriegatik saltzeko.
Bansky-ren lan bat
Yes we can famatua, Obeyren eskutik

Baina bestalde, komertzialtasunaren inguruan hitzegin aurreetik, komeni da beste ikuspuntu batetik ikustea. “Obey-ek argudiatzen du bere semeei jaten eman behar diola” aipatzen du Bigurik. Izan ere artea egitea hobby-a baino gehiago bihurtu da askorentzat, eta honek finantziazioa eskatzen du. “Invader-ek Los Angeles-en, Paris-en, Bilbon… egin ditu artelanak” aipatu du Bigurik, eta gehitu du horietako toki batzuetan ordaindu egin diotela. Adibidez Bilbon 40-50 lan ditu, eta nahiz eta udaletxeak ez onartu, “suposatzen da lan honengatik dirua jaso duela”. “Arte mota hau komertzializatu eta modan jarri da, eta jendea aprobetxatzen da” gehitu du Bigurik. Hala ere, ulertzekoa da dirua jasotzea, bestela nondik atera dirua munduan zehar artea egin eta gainera egunero jateko?
Space Invader Bilbon
Beste gauza bat Banskyk aipatzen duena da, bere ez dela komertzializatu, komertzializatu egin dutela. Zero-k aipatzen duen bezala, “jendeak street art-a eduki nahi badu, komertzializatzea ezin da ekidin”. Iritzi berdinekoa da Iosu Irizar, street art-aren zaletua: “uste dut (street art-a) komertzializatu egin dela (…) baina jendeak arte hori erostea nahi badu, azkenean normala da”. Zero-k dio kaleko artea artistak nahi izan duen neurrian komertzialitzatzen dela: "Adibidez Obeyk bere marka eta firma komertzializatu ditu (...) baina Bansky-rena komertzializatu egin dute, bere arteak kaleko artea izaten jarraitzen du" .

Obey-ren kartel bat
Gauza ez da beraz ematen duen bezain erraza, izan ere hiru elkarrizketatuek ados, street art-a kalean egiten den artea dela esatean, muga gabe. Baina ondoren ñabardurak daude. Zero-ren ustez street art-a “kalean egindako artea da, jendeak ikusteko egina”. Baina adibidez Obey-k Boston-eko Arte Garaikideko Museoan obrak ditu, eta Bansky eta beste artisten lanak ere hainbat museotan daude. Gauza beraz artistaren intentzioan dagoela esan dezakegu? Ba agian bai, izan ere, artista batek artea museotan jartzeko edo saltzeko egiten badu, ezin daiteke street art kontsideratu. Aldiz, artistak obrak kalean egiten baditu, nahiz eta etekinak lor ditzakeen, street art kontsidera daiteke. Azkenean Iosu Irizar-ek dioen bezala "dena pertsonaren araberakoa da".

Ahazten den beste gauza bat street art-aren eboluzionatzeko gaitasuna da. Izan ere, street art-aren komertzializazioaz hitzegitean badirudi graffitiaz-edo soilik ari garela, eta besteak beste performance-ak eta sortzen ari diren arte forma berriak hazten ditugu. Eta bestela itxaron, ea etorkizunak nolako artea ekartzen digun, ez baitugu besterik. Beraz galdera oraindik airean dago.

Jarraian Zero artistarekin izandako elkarrizketa uzten dizuet, non street art-aren komertzializazioaren inguruan sakonago hitzegingo dugun:

domingo, 18 de diciembre de 2011

Ez dezagun ahaztu

Eneritz LARREA
Erakusketa eta ibilaldia, gerra zibila gertuagotik ezagutzeko

Elgeta, Debagoieneko herri txikitxo bat da Bizkaiko lurren mugan aurkitzen dena. Urriaren 4a bertakoendako oso garrantzitsua den eguna bilakatu da, ez dira bertako festak ez. Urriaren 4a egun historikoa da Elgetarrentzat orain dela 75 urte Frankisten erasoak jasoz hasi baitzuten eguna. Herritarrek negu gorrian zazpi hilabete luze eta gogor bizi izan zituzten Francoren tropek 1937ko apirilaren 24an herria hartu zuten arte.
“Amak kontatzen zizkidan nolako garai gogorrak bizi izan zituzten elgetan, nik bederatzi hilabete nituela aita gabe gelditu nintzen, basora joan eta tiro bat emanda hil zuten”, azaldu du Benedicta Bergaretxe 75 urteko Elgetarrak, begirada triste eta ilunarekin. Beste herritar askok Benedictak bezala momentu gogorrak bizi izan zituzten, inoiz ahaztuko ez dituzten oroitzapenak.  Belaunaldiz belaunaldi gertaera hauek ahaztu ez daitezen elgetako udaletxeak lan asko egin ondoren erakusketa eta ibilbide bat inauguratu zituen orain dela urtebete. “Udaletxea memoria historikoa lantzeari ekin zion eta Elgetako Intxorta mendian frontea egon zela ikusirik, pentsatu genuen horrek aukera ematen zigula gerra zibilak euskal herrian emandako gertaerak ezagutara eramateko”, kontatu du Oxel Erostabe Elgetako alkateak.

“bederatzi urte nituela aita gabe gelditu nintzen
Basora joan eta tiro bat emanda hil zuten”
Bedita Bergaretxe, herritarra

Poliki-poliki harritxoak jarriz
Intxorta 1937 kultur elkartearekin harremanetan jartzea izan zen lehenengo pausua. Helburua, Gerra Zibilak euskal herrian izan duen gune garrantzitsuenetariko bat berreskuratzea zen: Intxorta ingurua.
Proiektuak duen garrantzi historiko, kultural eta turistikoa handia da; eta Eusko jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik ere harrera ona izan zuela proiektuak eta diruz ere lagundu zutela azaldu du Erostarbek. Juan jose Aranguren eskultoreak eginiko ‘Intxortako atea’ izeneko eskultura izan zen proiektuaren lehenengo harritxoa. 2007an jarri zuten Intxorta mendiaren magalean, gudari guztien omenez. Inaugurazioak izan zuen arrakasta ikusirik, proiektua bertan behera ezin zitekeela gelditu konturatu ziren eta ‘Gerra Zibila Euskal Herrian: Ibilbide tematikoa Intxortarenmagalean’ izeneko egitasmoarekin aurrera egitea pentsatu zuten.


Amore eman gabe
“Ekonomikoki merezi izan duen apostua izan da baina egia da  Elgeta bezalako herri txiki batendako ez dela erreza horrelako proiektu bat aurrera eramatea”, kontatu du alkateak.
Ibilbide tematikoaren abiapuntua Elgetako espaloia kafe antzokian dago kokatuta. Hainbat dokumentu, argazki, arma, garai hartako arropak eta Intxortako fronteak erasoak nondik jaso zituen azaltzen duen maketa handi bat daude erakusketan. Ibilbideak berriz, bost kilometro inguru ditu eta adin guztietako jendeak egin dezakeen ibilaldia da. Lubakiak edota gordelekuak ikusi daitezke, baita Belgikako miliziano batzuek ekarritako ‘la Belga’ metrailadore historikoa ere. Guztia oso ongi azaltzen duten panel didaktikoak daude ibilbidean zehar. Intxorta mendian frontea nola egon zen kokatuta imajinatzea ahalbidetzen du eta dekorazio guztiak gerra zibila gertuagotik ezagutzeko aukera ematen du. Mikel Larrea elgetan bizi da eta ibilbidea pare bat aldiz egin duela kontatu du, horrez gain, oso ondo dagoela eta horrelako inbertsio bat egitea beharrezkoa dela memoria hori berreskuratu ahal izateko azaldu du.

“Ekonomikoki merezi duen apostua izan da”
Oxel Erostarbe, alkatea

Zerbait gehiago ikasiz
Hilero-hilero lehenengo eta azkenengo igandeetan Elgetako udaletxeak bisita gidatuak antolatzen ditu.  6 eta 16 urte bitarteko gazteek bi euro ordaindu behar dute sarrera eta 16 urtetik gorakoek berriz bost.  Hiru ordu inguruko ibilbidea da eta aurrez izena ematea eskatzen dute. Benedictak ez dela inoiz ibilbidea bisitatzen egon azaldu du, baina inauguratu zutenetik gogo asko izan duela bertara hurbildu eta gia batekin ibilbidea egiteko gehitu du. Bisita gidatua kafe antzokian hasten da erakusketa ikusiz eta ondoren, gia baten laguntzarekin ibilbidea egiten dute bisitariek puntuz-puntu, Faxistek egindako sarraski guztiak ezagutzeko.


2012ko apirilaren 24an beteko dira 75 urte Frankoren tropek Elgeta hartu zutenetik eta jada udaletxea badabil data esanguratsu hori ospatzeko ekimen bereziak antolatzeko lanetan.





viernes, 16 de diciembre de 2011

Zurien etxean blaugranak nagusi


Bartzelonak 1-3 irabazi dio Real Madrili Santiago Bernabeun jokatutako klasikoan

Aintzane LARRAÑAGA
Erakustaldi berri bat eman zuen larunbatean Pep Guardiolaren Bartzelonak. Santiago Bernabeun jokatutako klasikoan, katalanek jada mundu guztiak miresten duen joko azkar eta ikusgarria erakutsi zuten beste behin, eta 1 eta 3ko emaitzarekin gailendu ziren Real Madrilen aurka. Jose Mourinho entrenatzaile portugaldarraren taldeak ez zuen blaugranen jokoari aurre egiterik izan, eta minutua baino lehen Karim Benzemak zurien markagailua aurreratu zuen arren, Guardiolaren mutilek ez zuten aparteko arazorik izan emaitzari buelta emateko.

Victor Valdés atezain katalanaren hutsegite batetik heldu zen Benzemaren gola, partidua hasi eta 22 segundura. Bernabeuko afizioak kantu eta txaloekin ospatu zuen gol goiztiar hura, baina pozak ez zien gehiegi iraun, blaugranak laster hasi baitziren jokoaren nagusitasuna eskuratzen. Messik munduko onena zergatik den erakutsi zien Madrilen bildutako guztiei, eta Cristiano Ronaldorekin duen, edo hedabideek sortu dioten borrokan, garaipen argia eskuratu zuen. Jokaldi guztietan maisuki aurrera ateratzen jakin zuen; portugaldarra, aldiz, merengeen joku eskasaren atzean ezkutatu zen, eta ez zuen jakin abaguneak aprobetxatzen.
 
 Berdinketa lehen zatiko 29. minutuan iritsi zen Alexis Sanchez txiletarraren eskutik. Messiren pase baten ondoren, Sanchezek ederki gainditu zuen Iker Casillas atezaina, markailua 1 eta 1ean utziz atsedenaldian.

Bigarren zatian, Real Madril are gehiago moteldu zen zelaian, Bartzelonari nagusitasun osoa utziz. Honela, eta Marceloren laguntzarekin, Xavik katalanentzat bigarren gola eskuratu zuen 52. minutuan. Hortik aurrera, bi taldeek hainbat aukera izan zituzten markagailuak gizentzeko. 61. minutuan Alexisen jaurtiketa batek Casillasen eskuetan amaitu zuen, eta lau minutu beranduago, buruz errematatu zuen Cristiano Ronaldok, baina honek ere huts egin zuen. Ez zen egunik onena izan erdilari portugaldarrarentzat.


Amaitzeko 25 minuturen faltan, Bartzelonak partidua erabakita utzi zuen, Cesc Fabregasek talde blaugranarentzat hirugarrena eskuratzean. Dani Alves atzelariaren erdiraketa bikain baten ostean, bigarren zutoinean agertu zen Fabregas, eta baloia sarera bildali zuen buruz eginiko erremate eder batekin.

Bukaeran Kakak aukera bikaina izan zuen markagailua mugitzeko, baina saiakera hutsean gelditu zen. Epaileak amaiera adierazi zuen, eta Bernabeuko hiru puntuak Katalunia alderantz joan ziren, futbol erakustaldi izugarri baten emaitz gisa.

Bartzelona garaile Bernabeun


Eneritz LARREA
Bartzelona garaile (1-3) agertu zen Larunbatean Real Madrilen aurka jokatutako partiduan. Santiago Bernabéu estadioan jokatu zuten eta BBVA ligako hamaseigarren partidua izan zen. Guardiolaren mutilak klasifikazioaren buru dira orain Madrildarren puntu berberekin baina partida bat gehiago jokatuta.


Giroa izugarria zen, jende pila bat irrikatan zegoen partida has zedin eta estadioanez zen ezta inurri bat sartzen. Txuriak pozik zeuden etxean jolasten baitzuten eta horrez gain, irabazteko boleto guztiak zeuzkatela uste zuten. Hasi zen partida eta jendeak bere eserlekua hartu baino lehen etorri zen Madrildarren poza, Valdés-ek egindako akats baten ondorioz baloia Benzemaren oinetaraino iritsi eta honek, lehenengo gola sartu zuen.



Nabaria zen gorri-urdinen urduritasuna baita beraien entrenatzailearena ere, partidua ez zen beraiek uste zuten bezala hasi eta Guardiola alde batetik bestera zebilen bere mutilei azalpenak emanez. Baina bartzelonarrei ere etorri zitzaien beraien ordua, gola sartzeko hainbat saiakera egin ostean 29. minutuan etorri zen berdinketa markagailura, aurrelari txiletarrak Messiren jokaldia aprobetxatu eta baloia Casillasen atean sartu zuen. Markagailuan berdinketarekin amaitu zuten lehenengo zatia.


Gogotsu atera ziren jokalariak  zelaira bigarren zatia jokatzera, baina, oraingoan Guardiolaren mutilak indartsuago zeudela eta errez agindu zuten zelaian.  52. Minutuan Xavik bigarren gola sartu zuen. Mourinhoren mutilek aukera bikainak izan zituzten partida berdintzeko, baina aukera guztiak saiakeran gelditu ziren. 65. Minutuan etorri ze txuri-urdinen hirugarren eta azken gola, Dani Alvesek egindako erdiraketa bikaina aprobetxatu eta Cesc Fabregasek sartu zuen baloia sare barrura.



1-3 markatzen zuen markagailuak partidua amaitzerakoan eta Kataluiniako taldeak hiru puntu garrantzitsu lortu zituen.

Beste behin ere Bartzelona garaile Bernabeun


Asier KORTABARRIA


Azken urteetan gertatzen ari den bezala, hainbat aste lehenagotik izan genuen “klasikoaren” inguruko bonbardeoa. Azken finean, klasiko konstante batean bizi garela ematen du, non Real Madril eta Bartzelona kirol berrietako monotema diren. Gauzak horrela, iritsi zen abenduaren 10a, larunbata, eta espektazioa izugarria zen. Real Madril vs Bartzelona, Mourinho vs. Guardiola, CRonaldo vs. Messi....



Real Madril Bartzelonaren aurretik zegoen, etxean dena irabazita eta moralez lepo. Zaleak ere gogotsu zeuden, izan ere, Bartzelonaren aurkako garaipenak Espainiar futboleko lidertza absolutuan utziko zuen taldea. Eta hasi zen partidua, eta hasi bezain pronto, 23. segunduan, Benzema aurrelariaren gola, Valdes atezainaren akats baten ostean sortutako jokaldi nahasi batean. Esan daiteke eztanda egin zuela Bernabeuk, bere garai onenak gogoratuz, baina partidua hasi besterik ez zen egin.


Real Madrilek bikain hasi zuen partidua eta lehen minutuetan presionatzen jarraitu zuen, ia Bartzelona ito arte. Hala ere, minutuak pasa ahala Bartzelona altsatzen joan zen, eta 29 minutuan banako berdinketa lortuz zuen. Messi agertu zen, berak bakarrik egiten dituen abiadura handiko jokaldi horietako batekin, Alexis-i pase bikaina eman zion, eta aurrelari txiletarrak ez zuen hutsik egin. Bernabeu ixilik, eta Bartzelona partiduan entxufatuta berriz ere. Eta hemendik aurrera Messik gidatutako Bartzelona joan zen partiduaren erritmoa jartzen, nagustiasunez, epaileak lehen zatia bukatutzat eman zuen arte. 



Bi taldeak gogotsu atera ziren bigarren zatian, baina bat-batean Bartzelonaren golak gauzak hankaz-gora jarri zituen (52. Min). Zorte dexenterekin, Xavik egindako jaurtiketak Coentrao eta zutoina jo eta barrura sartu zen. Zortea ala ez, partidua maldan-gora jarri zitzaion Real Madrili: 1-2 Bartzelonaren alde.



Ordutik aurrera Bartzelonak partidua nahi zuen moduan izan zuen, eta 65. minutuan heldu zen sententzia, Cesc-en eskutik jokaldi bikain baten ostean. Hemendik aurrera, ezer gutxi, soilik esan Bartzelonak izan zuela gol gehiago sartzeko beta, baina azkenean 1-3 eta Bartzelonarentzat garaipen juxtua.



Bartzelonak demostratu zuen ez duela atzean gelditu nahi, eta Madrilek beste behin ere eman zuen amore Bartzelonaren aurka. Orain bi taldeak berdinduago (ikus klasifikazioa), ikusi egin beharko da nola doan denboraldia. Eta bitartean, azken urteetako krisi larriena bizitzen ari den herrialdea aste oso batez “klasikoa”-ren inguruko erreportaietan itota. Askotan lehentasun gauza bat soilik da…

martes, 13 de diciembre de 2011

Gabonak: ospakizuna ala negozioa?

Kontsumismoa da nagusi Gabon garaian, krisi gogorra pairatzen ari garen arren

Aintzane LARRAÑAGA
Iritsi da abendua. Negua ere laster iritsiko da. Baina oraindik eta lehenago iritsi direla dirudi Gabonak. Ospakizun nagusiak hilaren 24an, Gabon Gauean, hasten diren arren, urtero gero eta lehenago ikus ditzakegu gabon argiak kaleetan. Panpinazko Olentzero ugari etxeetako balkoietan eskegita ikusten ditugu ia hotza egiten hasi baino lehen, eta dendak jendez beteta izaten ditugu abendua iritsi orduko. Izan ere, urtero gero eta lehenago ekiten diogu Gabonak prestatzeari. Azkenean udarekin lotuko ote ditugu festa negutiar hauek?

Gabonen jatorria
Gabonak kristautasunak asmatutako ospakizunak direla uste dugun arren, festa hauen jatorria paganoa da. Antzinako paganoek, duela milaka urte, neguko solstizioaren etorrera ospatzeko asmatu zuten Eguberria, eguna berriro luzatzen hasten dela ospatzeko jaia. Paganoek asmatutako pertsonaiak dira egun Gabonetako ikur gisa erabiltzen ditugunak, besteak beste, apaingarriz jositako pinua, Olentzero, Santa Claus eta Kataluniako Tió de Nadal.



Ohitura zahar hauek kristautasunak berreskuratu ditu azken mendeetan, Jesusen jaiotza ospatzeko, baina kristauek ez zuten data hau kasualitatez hautatu; Jesusen jaiotza garai honetan izan zela frogatu gabe dagoen arren, data hauek kristauen festa bihurtzearen xede nagusia paganismoari amaiera ematen eta kristauak nagusitzea izan zen. Eguberri edo Gabon izenaz gain, Natibitate izena jarri zitzaion Gabon Gaueko ospakizunari, eta Jesusen jaiotzarekin lotu zen.

Gaur egun, paganoek ospatzen jarraitzen duten arren, kristauen festa gisa ezagunagoak ditugu Gabonak, eta fededunen ospakizuntzat hartzen dira sarritan. Urteko ospakizun nagusia da Erromatar Eliza Katolikoarentzat, eta leku askotan, Espainian eta hispanoamerikan, kasu, urtarrilaren 6a arte luzatzen dira ospakizun egunak.

Fede kontua?
Familia katolikoentzat garai seinalatua da Gabon garaia. Jesusen jaiotza ospatzeko garaia da. Maitasuna eta laguntasuna ere sarritan aipatzen diren hitzak dira urteko sasoi honetan. Baina askok maitasuna adieraztea kontsumismoarekin lotu dute azken urteotan. Izan ere, familien batez besteko gastua izugarri igotzen da Gabon garaian, eta Eguberria dirua gastatzearen sinonimo bihurtu da. Sistema kapitalistak bere garapenerako behar duen kontsumismoa bultzatu egiten du urteko garai hauetan. Krisi garaia bizi dugun arren, modu arduratsuan beharrezkoa duguna erosi baino, kontsumituz gozatzen dugu, eta aipatutako maitasuna eta laguntasuna erakusteko erabiltzen ditugu opariak.
Antzinako paganoek, duela milaka urte,
neguko solstizioaren etorrera ospatzeko asmatu
zuten Eguberria, eguna berriro luzatzen
hasten dela ospatzeko jaia.

Deloitte enpresaren ikerketa baten arabera, espainiar estatuan, familia bakoitzak 910 euro inguru gastatzen ditu Gabonetan. Zifra horren %40a elikagaien kontsumora zuzentzen da, eta gainerakoa, oparietara eta bidaietara.

Kontraesanak saltzaileen eta erosleen artean
Gabonak hain goiz hastearen arrazoia ez dago hain argi. “Abenduko lehenengo astean hasten gara Gabonetako kanpaina prestatu eta martxan jartzen, jendeak hala eskatzen duelako” dio Bilboko El Corte Inglés saltokiko Marina Fernándezek. Azpeitiko JM jostailudendako saltzaile Maite Zabaletak ere antzeko iritzia du: “abendua hasi orduko hasten gara Gabonetako katalogoak prestatzen, eta segituan agortzen dira produktu gehienak”.

Erosleek, aldiz, ez dute iritzi bera. Mikel Oruesagasti eta Ainara Gonzalez gazteen ustez, “gehiegizkoa da dendek bultzatzen duten kontsumismoa. Goizegi hasten dira Gabonetako salmentekin”. Beraz, zerk bultzatzen ote du Gabonen aurrerapena, erosleek ala saltzaileek?

Krisia dela eta, hainbeste murrizketa egiteak ez
du ezertarako balio, hilabete lehenagotik
Gabon argiak pizten hasten bagara”
Jose Mari Larrañaga, 4 umeren aita 

Ecologistas en Acción taldeko partaidea da José Martinez, eta Gabonak marketing estrategia hutsa direla uste du. “Urte osoan zehar prezioak direla eta kexatu besterik ez gara egiten, eta Gabonetan, aldiz, erostea baino ez dugu izaten buruan, gauzak garestien dauden momentuan”. Kontsumismoa ekiditeko, irtenbideak badaudela aipatu du Martinezek, “ospakizunetan irudimena erabiliz”.

Hainbeste argi, beharrezkoa?
Gabon giroa apaintzeko, badirudi ezinbestekoa dela kale guztiak milaka argi koloretsurekin hornitzea. Espainiar estatuan, Industria sailak luzatutako datuen arabera, orduko 30 milioi kilowatt kontsumitzen dituzte kaleetan zehar jarritako Gabonetako argiek, 50.000 etxebizitzek urtebetez kontsumitzen dutena adina, eta 10.000 tona karbono dioxido isurtzen dituzte atmosferara. 
Gabon argiak abenduaren hasieratik piztuta daude Bilbon
Herritarren hitzen arabera, nahikoa litzateke Santo Tomas inguruan, abenduaren 21ean, alegia, argiak pizten hastea, eta xahutzen den energia kantitatea gehiegizkoa dela uste dute. Hala dio behintzat 4 haurren aita den Jose Mari Larrañaga azpeitiarrak: “krisia dela eta, hainbeste murrizketa egiteak ez du ezertarako balio, hilabete lehenagotik Gabon argiak pizten hasten bagara. Nahikoa da egun batzuk lehenago piztuta, festak girotzen joateko”.

Beraz, dendariek urteko negoziorik onenak garai honetan egiten dituzten arren, erosleen eta saltzaileen artean kontraesanak daude, eta ez dago argi nork bultzatzen duen Gabonen aurerapen hau. Garbi dagoen gauza bakarra Gabonetako kontsumoa urtez urte hazten doala da, krisi larria pairatzen dugun arren. Horregatik, gure erosketak ahalik eta gehien kontrolatzea besterik ez zaigu gelditzen, sukar kontsumistari aurre eginez.

jueves, 8 de diciembre de 2011

Ur arrastoak planeta gorrian


Aintzane LARRAÑAGA

NASA agentzia estatubatuarraren 'Opportunity' zundak igeltsu itxura duen mineral disdiratsu bat atzeman du Martitzen. 50 zentimetroko luzera eta 2 zentimetroko zabalera duen 'ibai' hau harrien tartean kokatzen da, eta Endeavour Crater deitzen den zonaldean dago. Mineral honen beste hainbat marka ere bilatu dituzte inguru honetan, baina 'Mars Rover Opportunity' zundak topatu duena da handiena.

'Opportunity' zundaren berregite digitala
Cornell unibertsitateko ikerlari Steve Squyresen hitzetan, mineral honen agerpenak inguru horretan ura egon zela esan nahi du. Igeltsua kokatzen den inguruko harrietan magnesioa, burdina eta kaltzioa topatu izanak are gehiago sendotzen du Squyresen teoria, duela hainbat milioi urte bustita egon ziren markak baitira.

'Opportunity' 'Spirit' izeneko zundarekin batera aritu zen Martitzen lanean. 2010ean, 'Spirit'ek NASArekin zituen harremanak galdu zituen, baina 'Opportunity'k lanean dihardu oraindik. Hurrengo misioa 'Cape York' zonaldera joatea izango da, planeta gorriko negu gogorrari aurre egiteko dagoen kokapenik epelenetakoa baita. 

miércoles, 7 de diciembre de 2011

iPad, Txinara iritsi ezinik

Aintzane LARRAÑAGA

Merkatu txinatarrera iristeko arazoekin dabil Apple enpresa estatubatuarraren iPad tableta. Izan ere, tabletaren izena ezin izango du mantendu Txinan, jada beste produktu bat existitzen baita izen berberarekin. 



Applek ProView Electronics enpresa taiwandarra auzitara eraman zuen, iPad izena erabiltzeagatik, baina Shenzhen hiriko epaitegi batek, kasua aztertu ondoren, izenaren eskubide guztiak ProViewrenak direla xedatu du. Izan ere, enpresa asiarrak iPad izena 2000. urtean erregistratu zuen, sagarraren multinazionalak baino 9 urte lehenago, eta Apple-ek ekialdeko merkatuan sartzeko eginiko saiakerari oztopoak jarri zizkioten, izenaren eskubideak zirela eta.

Orain, eskubideak urratzeagatik, ia 1.200 milioi euroko kalte ordainak eskatu nahi dizkio Proviewk Appleri. Bitartean, Steve Jobs zenaren enpresak beste estrategia bat asmatu beharko du merkatu txinatarrean iPadaren arrastoa uzteko.

Facebook bere sortzailearen aurka

Eneritz LARREA
Hiru hilabete pasa dira facebook sare sozialaren erabiltzaileak segurtasunaren inguruko kexekin hasi zirenetik, eta oraindik ere arazoa ez dagoela konponduta erakutsi du erabiltzaile batek. Oraingoan kaltetua Mark Zuckerbergen izan da, sare sozialaren fundatzaile eta presidentea. Bere profilean zituen argazki pribatuak filtratuak izan dira eta ordu gutxitan bolbora bezala zabaldu dira, Mike Rundle izeneko ingeniari batek imgur web orrialdean eskegi zituenetik.

Argazkietan ez da ezer berezirik ikusten, mike bere neskalagun eta txakurrarekin jolasean, sushia prestatzen edota berak hildako oilo bat eskuetan duelarik. Facebookeko sortzaileak behin baino gehiagotan azaldu duenez, berak hildako animalien haragia soilik jaten du.

Sare sozialaren bozeramaile batek Forbes egunkarian adierazi du: “edozein erabiltzailek beste edonoren profilera sartu eta hainbat argazki ikusteko aukera momentuko arazoa zen eta jada konponduta dago”.

Segurtasunaren inguruko arazo hau EEBB-etako merkataritza komisio federalarekin akordio batera iritsi ostean etorri da, bertan, erabiltzaileen konfidentzialitatea betetzera konprometitzen zen. Fundatzaileak berak, azaroan onartu zuen errore asko izan dituztela erabiltzaileen segurtasunarekin. 

youtube look berriarekin datorkigu

Eneritz LARREA
Urte berriaren hasierarako hilabetetxo exkax falta den bitartean youtubek bere diseinua aldatzea erabaki du 2012. urteari ongi etorria emateko. Gaztelaniaz esaten den moduan ‘año nuevo look nuevo’ eta oraingoan youtubek diseinua berritu du argiagoa eta errazagoa izateko.

Googlek bere blog ofizialean adierazi duenez, berrikuntza hauekin erabiltzaileak ataria nahi duen erara moldatzeko aukera izango du. Youtubek azaldu duenez, aldaketa hauek erabiltzaileek gauzak “errazago” eta guztia kontrolpean izateko egin dira. Baina aldaketa hauen helburua web orriaren edukia google+ sare sozial berrira egokitzea izan daitekeela uste da.

Web orria zabaltzean segituan ikusiko dugu ezkerraldean hainbat bideo agertzen diren lista bat daukagula, plantila berri honek guk ikustea nahi ditugun bideoen bilaketa errazten du. Horrez gain, erabiltzaileek sartzeko bide berria izango dute.

Berrikuntza guztiak hobeto azaldu ahal izateko youtubek bere blog ofizialean bideo bateskegi du aldaketa guztiak erakusten dituena.

domingo, 27 de noviembre de 2011

Terminator-en ikusmena, errealitatean?

Aintzane LARRAÑAGA
Euskadi Irratiko 'ABildua' teknologia saioak Twitterren eta eitb.comek bere webgunean adierazi dutenez, AEBko ikertzaile batzuk ukipen-lente berezi batzuk sortu berri dituzte. Berezitasuna? Ordenagailuko pantailak bezala funtzionatzen dutela.

Finlandiako unibertsitate batekin elkarlanean, Washingtoneko ikertzaileek asmatu zituzten lente berezien berri eman zioten 'Journal of Micromechanics and Microengineering' aldizkariari. Ukipen-lente berri hauek zirkuitu elektronikoak dituzte, eta giza-begiak ikusi dezakeenaz gain, ordenagailu bateko pantailak bezalako irudiak sor ditzake. Honela, geure begietan posta elektronikoa irakurtzeko gai izango ginatekela adierazi du Babak Parvizek, asmakizunaren sortzaileetako batek.


Lentearen zirkuituek ikusmen 'normala' ez dutela eragozten aipatu dute ikertzaileek, eta miopia, hipermetropia edo astigmatismoa duten pertsonek euren lenteen gainetik jartzeko arazorik ez dutela izango.

Momentuz, pertsonekin probatu aurretik, untxi batekin probatu dute ukipen-lentearen funtzionamentua egokia ote den ala ez. 20 minutuz lentea jantzita izan ondoren, untxiak ez omen du ondorio negatiborik izan; beraz, laster gizakiekin frogatzea espero dute Washington eta Finlandiako asmatzaileek.

Discovery Newsek 'Terminator' famatuaren begiekin konparatu ditu lente berriak. Izan ere, honelako asmakuntzekin, egunetik egunera gizakia robotengandik gertuago dagoela dirudi.

sábado, 26 de noviembre de 2011

Dena prest Curiosity Martera bidaltzeko

 Asier KORTABARRIA

Dena ondo badoa gaur arratsaldeko 16:02etan aterako da Cañaveral lurmuterretik Mars Science Laboratory, Curiosity bezala ezagutua. NASA-k misio honekin duen helburua Marte exploratzea litzateke, eta batez ere planeta hortan inoiz bizitzarik egon den argitzea. Hala ere, Marteko klima, geologia edo etorkizunean berriz joateko aukerak ezagutzea ere bilatzen du agentzia estatubatuarrak.

Curiosity Rover-aren ordenagailu bidezko irudia
Curiosity Rover sei gurpildun laborategi mugikorra da, eta haurretik Martera bidalitako Spirit eta Opportunity baino bost aldiz pixutsuagoa da. Gainera hauekin konparatuz, instrumentazio zientifikoan hamar kilo gehiago ditu. Laborategiak, lurzorutik frogak hartzeko beso luze bat eta lurra eskaneatzeko kamera bereziak ditu, besteak beste.
Curiosity roverra kohete propultsorean sartzen
Gainera, misio honetan atzerriko kolaborazioak ere ugariak dira, eta bide horretatik aurkitzen dugu Rover Enviromental Monitoring Station (REMS). REMS Espainiako gobernuak eta Finlandiako Meteorologia Agentziak egindako estazio meteorologikoa da, zeinak besteak beste presio atmosferikoa, hezetasuna, haizearen abiadura eta norabidea edota tenperatura neurtuko dituen. Esan beharra dago Frantzia, Kanada, Alemania, eta Errusiak ere parte hartu dutela hainbat herraminten diseinuan.
Esan bezala Espainian 16:02 direnean aterako da misioa, eta ikusmina dutenek NASA TV-ren bitartez streaming-ean jarrai dezakezue. Twitter bitartez jarraitzeko berriz misioaren kontutik, @MarsCuriosity edo #NASATweetup hashtag-aren bitartez jarraitu daiteke.

jueves, 24 de noviembre de 2011

Bideoak ikusteko mikrouhin labea

Aintzane LARRAÑAGA
Askotan ez dugu jakiten zer egin mikrouhin labeak janaria berotzen digun tarte labur horretan. Zergatik ez ikusi bideo bat bitartean? Orain posible izango da hori egitea ordenagailua edo mugikorra erabili gabe. Izan ere, Pennsylvaniako unibertsitateko ikertzaile talde batek uWave asmatu berri du, bideoak erreproduzitzeko gai den mikrouhin labea.

uWave, el microondas que reproduce videos de YouTube y envía tweets

Kevin Conley, Varun Sampath, Benjamin Shyong eta Teddy Zhang ikertzaileen asmakizunak, itxura batean mikrouhin labe arrunt bat dirudien arren, HP Touchpad tablet bat du lotuta, eta bertan Youtube webguneko edozein bideo ikusi dezakegu labea martxan dagoen bitartean. Gainera, ez dugu zertan arduratu janariak barruan daraman denboraz; izan  ere, berotze denbora amaitzen denean, labeak berak 'tweet' bat bidaltzen dio erabiltzaileari, janaria prest duela jakinarazteko.

Aparailu xelebre honi esker, bere asmatzaileek Pennsylvaniako unibertsitateak antolatutako asmakizunen leihaketa baten lehen postua lortu dute. 

15 urte bete ditu tamagotchiak


Eneritz LARREA
Guztiok ezagutu dugun arrautza formako aparatu elektroniko txikia orain dela 15 urte jaio zen Japonian. Aparatua “Tamagotchi” izenarekin ezagutzen da eta oilo birtual bat zaintzea da helburua. Soilik hiru urte pasa ziren mundu guztian zehar 40 milioi unitate saldu zirenetik eta 15 urtetan zehar 78 milioi erabiltzaile aritu dira oilo txiki birtuala zaintzen.

Eitb-k bere web orrialdean adierazi duenez, lehenengo modeloa plazaratu zutenetik 35 bertsio desberdin saldu dira mundu guztian. Bandai, jostailuak egiten dituen konpainiak, hasieran 6 urteko neskatilentzako sortu zuen aparatua baina edozeinen eskuetan ikusi izan dira.  Aparatuaren urtebetetzea ospatzeko, ‘Tamagotchi iD L 15th anniversary’ bertsio espeziala jarri duela salgai Bandaik, azaldu du El mundok bere web orrialdean.

Hala ere, polemika asko izan dituen aparatua izan da. Psikologo batzuek adierazi zutenez, antsietatea edota insomnioa bezalako arazoak sor zitekeen aparatuak. Trafiko akzidenteak ere gertatu ziren, gidaria gidatzen zihoan bitartean aparatuarekin zegoelako. Eta hainbat burugabekeria ere ekarri zituen, aparatu hauendako haurtzaindegietatik hasi eta hilerriak sortzeraino bezalakoak. 

miércoles, 23 de noviembre de 2011

Eduki digitalak analogikoen gainetik

 Asier KORTABARRIA

Entzuten duzuen bezala. Telekomunikazio eta Informazioaren Gizarteko Behatoki Nazionalak (ONTSI) aurkeztutako txosten baten arabera, eduki digitalek eduki analogikoek baino gehiago fakturatu zuten lehen aldiz 2010ean, %14,1 igo eta gero.

Eduki digitalen industriak 9.125 milioi euro fakturatu zituen guztira, eta eduki analogikoenak berriz 7.878 milioi euro. Juan Junquera, ONTSI-ko presidenteak adierazi du "digitalerako pausoa krisi garaian hartu beharreko erabakia da, eta azkar hartu beharrekoa". Gauzak horrela, "pozik" azaldu da sektorearen bilakaerarekin eta nabarmendu du apustu teknologikoa egin duten enpresak gehiago hazten ari direla.
Hazi ez den sektore bakarra bideojokoena izan da, izan ere %0,4 jaitsi da. Hala ere, musika, zinea eta bideoa, ikusentzunezkoak, publikazioak eta publizitatea hazi egin dira. Arrazoia argia da, izan ere,
bideojokointza ez da oraindik online merkatura egokitu.
Ikusentzunezko industria izan da eduki analogikoetan pisu gehien hartu duena, %44 hain zuzen ere. Honen arrazoia telebista analogikoaren desagertzea eta TDT-aren inplantazioa izan dira neurri handi batean. 


Etorkizunera begira "a la carta" telebista da espektatiba oparoenak dituenak, baina sektoreak itxaropen handia du tablet-etan eta liburu elektroniko edo e-booketan ere. Bestalde, egunkari digitalek, streaming bidezko emisioek, streaming bidezko emisioek eta musika eta bideoen ordainpeko deskargek ere hazten jarraitzen dute.
Espainiarren %91,5 eduki digitalen bat kontsumitu zuen 2010-ean. Espainiarren %68-ak edukiok internet bidez kontsumitu zituzten, eta %88,9-ak sarera konektatu gabe kontsumitu zituzten. Txostenean ageri den beste datu adierazgarri bat blog-en ingurukoa da, izan ere, espainiarren %8,4-ak bere blog propioa mantentzen du.

lunes, 21 de noviembre de 2011

BlacBerryak berriro arazoekin

Eneritz LARREA
Gaur egun edonoren esku artean ikusi daitezke BlackBerry konpainiaren mugikorrak. Orain dela hilabete bat hiru egunetako desesperazioa jasan zuten mugikor hauen erabiltzaileek, interneterako konexio gabe gelditu zirenean. Oraingoan berriz, ReserchIn Motion(RIM) BlackBerry mugikorren konpainiak modelo batzuk arazoak dituztela baieztatu du.

BlackBerry Bold 9900 eta 9300 modeloak dira arazoak dituztenak. Gau osoan mugikorra kargatu ostean, hau ez zela berriro pizten azaldu dute hainbat erabiltzailek. NBC kate estatubatuarrak adierazi duenez, RIM-eko bozeramaile batek eman zuen arazoaren berri, horrez gain, BlackBerry OS7 bertsio berriaren akatsa dela gehitu zuen eta jada lanean ari direla arazoa konpontzeko. Baina, ez dute azaldu arazoa noizko konponduko duten.

Azken aldian izan dituzten arazoek gogor zigortu dute kanadar konpainia, Wall Street-eko akzioetan %70ko beherakada sufritu dute. 

domingo, 20 de noviembre de 2011

Liburutegiak, zuzenean mugikorrean

Aintzane LARRAÑAGA
Espainiako Kultura Sailak 8.215 liburutegi publikoren datuak ikusgai jarri ditu iPhone, Android eta Symbian sistemetan erabil daitekeen aplikazio baten bidez. Madrilen ospatu  den  Liburutegi eta Udalerrien IV. batzarrean aurkeztu da berrikuntza.
 
Layar izeneko aplikazioari esker, edozein lekutan, bertako informazio garrantzitsua lor dezakegu momentuan. Kultura Sailak sortutako datu kapa berriei esker, denbora errealean liburutegiei buruzko datuak ikusi ahal izango dira. Horretarako, nahikoa da mugikorra hartu eta kamerarekin eraikinari begira jartzea. Honela, liburutegiari buruzko hainbat datu lor ditzakegu: helbidea, webgunea, bideoak, hiru dimentsiotako objektuak eta bisita gidatuak, besteak beste.
Aplikazioa eskuragarri izango da Market (Androidentzat), AppStore (iPhonentzat) eta OVI Store (Symbianentzat) denda birtualetan, eta doakoa izango da.

'Sinde' lege estatubatuarra

Aintzane LARRAÑAGA
AEBetako Kongresuan eztabaidatzen ari diren legeak sua piztu du mundu guztiko sarearen erabiltzaileen artean. 'Stop Online Piracy Act' edo SOPA lege proposamena aurrera atera nahi dute parlamentari estatubatuarrek. Onartzen bada, Copyright-a duten artxiboak Interneten baimenik gabe zabaltzea debekatuko da. Helburu nagusia pirateriarekin amaitzea eta jabego intelektuala babestea den arren, honek izugarrizko kalteak suposatuko lizkioke Interneti. Facebook, Twitter, AOL, Yahoo eta eBay bezalako orrialdeek zentsura handiak jasango lituzkete, besteak beste.

Aipatutako enpresek eta beste hainbatek, legearekin duten desadostasuna publikoki adierazteko, gutun bat bidali diete Kongresuko kideei. Gainera, Tumblr, Reddit eta Mozillak euren webguneetan autozentsura aplikatu dute, lege proposamenak erangingo lizkieten kalteak sinbolizatzeko.


Webguneez gain, erabiltzaile ugari ere kaltetuak izango dira legea aurrera ateratzen bada. Adibidez, Megaupload eta Rapidshare bezalako guneak erabiltzen dituztenek ordaindu egiten dute eskanitzen dizkieten zerbitzuengatik; beraz, diru asko galduko lukete, aipatutako orrialdeak ixtea nahi baititu SOPAk.

Oraindik ez dago argi noiz hartuko den azken erabakia, baina protestak gero eta ugariagoak dira internauten artean.

jueves, 17 de noviembre de 2011

"charlie bit my finger" bideoa 120.000 eurorekin saritua izan da

Eneritz LARREA
Denok ezagutzen dugun youtube web gune famatuak, arrakastadun bideoak igotzen dituenari ordaintzen hasiko dela azaldu du Thetelegraph britainiar egunkariak. Youtubek bere erabiltzaile guztiak kontrolatzen ditu, ondorioz, beraiek igotako bideoak arrakasta handia izanez gero beraiekin kontaktuan jarriko da eskaintza batzuk eskainiz.

Proiektu berri honi esker Howard Davies-Carr erabiltzailea 120.000 eurorekin saritura izan da 2007an igo zuen bideoaren ondorioz. Bideoan bere bi semeak agertzen dira Harry 3 urtekoa eta Charlie urte betekoa. Txikienak bere anaiari koska egiten dio eta bere aitak guztia bideoan grabatu eta youtuben eskegi zuen Coloradon bizi den osabak ikus zezan. Hilabete batzuetara youtube konpainia familiarekin harremanetan jarri zen bideoa iragarki batean erabiltzeko baimena eskatuz, akordio horrekin irabazi batzuk lortuko zituen familiak.

Akordioa onartu zuten eta bideoak izugarrizko arrakasta izan du.  “Ouch, charlie! Ouch” esaldia jada mugikorrerako politono bezala ere badago.  Semeen unibertsitatea pagatzen lagunduko diela diruak adierazi du aitak. Baina, kotxe berria erosteko asmoa daukatela ere gehitu du.


lunes, 14 de noviembre de 2011

Ikusi edo entzuteko minusbaliotasuna duten pertsonendako betaurrekoak

Eneritz LARREA

Izugarrizko aurrerakuntzak eman dira azken urteotan zinemaren munduan. Bideo eta audioaren kalitatea askoz ere hobeagoa da eta 3D-n ikusteko aukera ere badaukagu.  Oraingoan, Sony enpresa japoniarrak ikusteko edota entzuteko minusbaliotasuna duten pertsonendako asmakizun bat aurkeztu du.

Aurikular batzuk dituen betaurrekoak sortzea da Sonyren ideia berria. Betaurreko hauekin erabiltzaileak pantailan agertzen ez diren azpitituluak ikusiko ditu. Sei hizkuntza ezberdinetan irakurtzeko  eta testua nahi duten tamainatara egokitzeko aukera izango dute. Entzuteko arazoak dituen jendeak, bolumenaren neurria aukeratu ahal izango du. Horrez gain, azkenengo teknologiekin bateragarria da aparatu berri hau.
Enpresa japoniarrak azaldu duenez,  produktua laster iritsiko da zinema aretoetara. 

domingo, 6 de noviembre de 2011

iPhone 4S smartphone berria iritsi da Espainiara

Ilarak iPhone 4S-a eskuratzeko
Apple etxearen esperotako smartphone berria eskuragarria dago espainian pasa den Urriak 28tik. Nahiz eta iPhone 5-a ateratzea espero zen, iPhone 4S bat eskuratzen lehena izateko ilarak izan dira penintsulako puntu ezberdinetan. Estatu Batuetan atera eta bi egunetan bi milioi mugikor saldu ziren. Espainian horrelako daturik ez baldin badago ere salmentak erritmo onean doaz.
iPhone 4S

Eta zeintzuk dira bertsio berri honek dakartzan berrikuntzak? Ba, berrikuntza nagusia Siri asistente pertsonala dugu. Aplikazio honek lenguaia naturalaren prozesamendua erabiltzen du erabiltzailearen galderak erantzun edota besteak beste aholkuak emateko. Sistema berritzailea da gustiz,baina oraindik ingelesez, frantsesez eta alemanez bakarrik dago eskuragarri. Apple-en iturrien arabera 2012rako eskuragarri egongo da gaztelaniaz, baita japonieraz edo koreeraz ere.

Honetaz gain A5 prozesatzaile berriak aurreko bertsioak baino %33 abiadura handiagoa izateko aukera eskainiko dio iPhone 4S-ri.  Kamera ere hobetu da bertsio honetan eta 8megapixel izango ditu, definizio altuko bideoak grabatzeaz gain. 

Prezioa berriz 600 eta 800 euro artekoa da, hala ere, hainbat konpainiak prezio subentzionatuak eskaintzen dituzte Espainian hala nola, Telefonica, Orange eta Vodafonek.

Bideo honetan Siri zer den azaltzen da:


lunes, 31 de octubre de 2011

Estatu Batuak pirata txinatar batzuek NASAko bi satelite erasotu dituzten susmoa dauka

Eneritz LARREA

Ordenagailuko programak, beste pertsona batzuen ordenagailuak etab. ‘hackeatzen’ dituzten pertsonak daudela bagenekien  baina oraingoan milaka kilometrotara dauden sateliteak ere erasotuak izan daitezkeela erakutsi dute pirata informatiko txinatar batzuek.

Landsat-7 satelitea
Bloombergagentziak azaldu duenez, 2007 eta 2008 urte bitartean izan ziren erasotuak NASA-ren ‘Landsat -7’ eta ‘Terra  AM-1’ sateliteak. Arduradunek ez dute azaldu pirata informatikoek informazio sekretua lortu zuten eta ez dute albo batera uzten txinatarrek sateliteak suntsitzeko aukera izan zutela.

Atakeak NASA-k Noruegan daukan kontrol estaziotik egin ziren.  Terra satelitea 2008an birritan erasotua izan zen eta erasoak bi eta zortzi minutu ingurukoak izan ziren. Landsat satelitea ere, bi aldiz erasotu zuten 12 minutu inguruz.

Ez dute txinatar gobernua erasoen arduran bezala zuzenean akusatzen. Horrez gain, Txinak ziberatakeetan ez daukala zer ikusirik azaldu du.