lunes, 19 de diciembre de 2011

Street art-a saldu egin ote da?

 Asier KORTABARRIA

Mr. Brainwash
Hausnarketa hau pasa zitzaidan burutik Exit Through the Gift Shop dokumental txalotua ikusi ostean. Street art-aren erreferente nagusiak, Banskyk, produzitutako pelikula honetan munduko zeinbat artista ezagutuko ditugu, baina azken finean “artista” baten inguruan hitzegiten bukatzen da, Thierry Guetta “Mr. Brainwash”-en inguruan. Hau, labur kontatuz, bideoafazionatu soila da, eta street artean interesatu eta artista famatuenak ezagutzearekin batera, bera ere “street art” egiten hasten da. Horraino dena ondo, baina ondorengoa… etxea hipotekatu eta “artea” eskala makro batean produzitzen hasten da  Mr. Brainwash, izugarrizko esposizioa montatzen du eta egun gutxitan… ta-txan!! Milioi bat dolar irabazten ditu. Julen Biguri Kalian Gora Kalian Behera blogeko egileak dioen bezala, “kapitalismoaren parodia egiten saiatu zen, kapitalismo barruan amaitzeko”. Zero kaleko artistak ez du sinesten egun batetik bestera artista bihurtu litekeenik, Mr Brainwash bezala: "Hortan bizi osoan dago artista, eta artea bere biziaren ondorioa izan behar da".
Mr Brainwash-en lan bat
 Eta ez da kasu bakarra. Beste kale artista famatu batzuk ere, adibidez Obey-ek, beraien artea komertzializatu dute, eta bere orrialdea bisitatuz ikusiko dugu posterrak, pegatinak, arropa… denetarik saltzen duela. Gainera, Obey izan zen Obamaren kanpainako irudi ospetsua egin zuena, eta beste kanpaina publizitario batzuetan ere parte hartu du. Eta ezin ahaztu Bansky bera ere, izan ere, nahiz eta artista anonimoa den, bere obrak museoetan aurki daitezke, eta paretak bere tokitik kentzera heldu da jendea pareta horiek eBayn diru kopuru izugarriegatik saltzeko.
Bansky-ren lan bat
Yes we can famatua, Obeyren eskutik

Baina bestalde, komertzialtasunaren inguruan hitzegin aurreetik, komeni da beste ikuspuntu batetik ikustea. “Obey-ek argudiatzen du bere semeei jaten eman behar diola” aipatzen du Bigurik. Izan ere artea egitea hobby-a baino gehiago bihurtu da askorentzat, eta honek finantziazioa eskatzen du. “Invader-ek Los Angeles-en, Paris-en, Bilbon… egin ditu artelanak” aipatu du Bigurik, eta gehitu du horietako toki batzuetan ordaindu egin diotela. Adibidez Bilbon 40-50 lan ditu, eta nahiz eta udaletxeak ez onartu, “suposatzen da lan honengatik dirua jaso duela”. “Arte mota hau komertzializatu eta modan jarri da, eta jendea aprobetxatzen da” gehitu du Bigurik. Hala ere, ulertzekoa da dirua jasotzea, bestela nondik atera dirua munduan zehar artea egin eta gainera egunero jateko?
Space Invader Bilbon
Beste gauza bat Banskyk aipatzen duena da, bere ez dela komertzializatu, komertzializatu egin dutela. Zero-k aipatzen duen bezala, “jendeak street art-a eduki nahi badu, komertzializatzea ezin da ekidin”. Iritzi berdinekoa da Iosu Irizar, street art-aren zaletua: “uste dut (street art-a) komertzializatu egin dela (…) baina jendeak arte hori erostea nahi badu, azkenean normala da”. Zero-k dio kaleko artea artistak nahi izan duen neurrian komertzialitzatzen dela: "Adibidez Obeyk bere marka eta firma komertzializatu ditu (...) baina Bansky-rena komertzializatu egin dute, bere arteak kaleko artea izaten jarraitzen du" .

Obey-ren kartel bat
Gauza ez da beraz ematen duen bezain erraza, izan ere hiru elkarrizketatuek ados, street art-a kalean egiten den artea dela esatean, muga gabe. Baina ondoren ñabardurak daude. Zero-ren ustez street art-a “kalean egindako artea da, jendeak ikusteko egina”. Baina adibidez Obey-k Boston-eko Arte Garaikideko Museoan obrak ditu, eta Bansky eta beste artisten lanak ere hainbat museotan daude. Gauza beraz artistaren intentzioan dagoela esan dezakegu? Ba agian bai, izan ere, artista batek artea museotan jartzeko edo saltzeko egiten badu, ezin daiteke street art kontsideratu. Aldiz, artistak obrak kalean egiten baditu, nahiz eta etekinak lor ditzakeen, street art kontsidera daiteke. Azkenean Iosu Irizar-ek dioen bezala "dena pertsonaren araberakoa da".

Ahazten den beste gauza bat street art-aren eboluzionatzeko gaitasuna da. Izan ere, street art-aren komertzializazioaz hitzegitean badirudi graffitiaz-edo soilik ari garela, eta besteak beste performance-ak eta sortzen ari diren arte forma berriak hazten ditugu. Eta bestela itxaron, ea etorkizunak nolako artea ekartzen digun, ez baitugu besterik. Beraz galdera oraindik airean dago.

Jarraian Zero artistarekin izandako elkarrizketa uzten dizuet, non street art-aren komertzializazioaren inguruan sakonago hitzegingo dugun:

domingo, 18 de diciembre de 2011

Ez dezagun ahaztu

Eneritz LARREA
Erakusketa eta ibilaldia, gerra zibila gertuagotik ezagutzeko

Elgeta, Debagoieneko herri txikitxo bat da Bizkaiko lurren mugan aurkitzen dena. Urriaren 4a bertakoendako oso garrantzitsua den eguna bilakatu da, ez dira bertako festak ez. Urriaren 4a egun historikoa da Elgetarrentzat orain dela 75 urte Frankisten erasoak jasoz hasi baitzuten eguna. Herritarrek negu gorrian zazpi hilabete luze eta gogor bizi izan zituzten Francoren tropek 1937ko apirilaren 24an herria hartu zuten arte.
“Amak kontatzen zizkidan nolako garai gogorrak bizi izan zituzten elgetan, nik bederatzi hilabete nituela aita gabe gelditu nintzen, basora joan eta tiro bat emanda hil zuten”, azaldu du Benedicta Bergaretxe 75 urteko Elgetarrak, begirada triste eta ilunarekin. Beste herritar askok Benedictak bezala momentu gogorrak bizi izan zituzten, inoiz ahaztuko ez dituzten oroitzapenak.  Belaunaldiz belaunaldi gertaera hauek ahaztu ez daitezen elgetako udaletxeak lan asko egin ondoren erakusketa eta ibilbide bat inauguratu zituen orain dela urtebete. “Udaletxea memoria historikoa lantzeari ekin zion eta Elgetako Intxorta mendian frontea egon zela ikusirik, pentsatu genuen horrek aukera ematen zigula gerra zibilak euskal herrian emandako gertaerak ezagutara eramateko”, kontatu du Oxel Erostabe Elgetako alkateak.

“bederatzi urte nituela aita gabe gelditu nintzen
Basora joan eta tiro bat emanda hil zuten”
Bedita Bergaretxe, herritarra

Poliki-poliki harritxoak jarriz
Intxorta 1937 kultur elkartearekin harremanetan jartzea izan zen lehenengo pausua. Helburua, Gerra Zibilak euskal herrian izan duen gune garrantzitsuenetariko bat berreskuratzea zen: Intxorta ingurua.
Proiektuak duen garrantzi historiko, kultural eta turistikoa handia da; eta Eusko jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik ere harrera ona izan zuela proiektuak eta diruz ere lagundu zutela azaldu du Erostarbek. Juan jose Aranguren eskultoreak eginiko ‘Intxortako atea’ izeneko eskultura izan zen proiektuaren lehenengo harritxoa. 2007an jarri zuten Intxorta mendiaren magalean, gudari guztien omenez. Inaugurazioak izan zuen arrakasta ikusirik, proiektua bertan behera ezin zitekeela gelditu konturatu ziren eta ‘Gerra Zibila Euskal Herrian: Ibilbide tematikoa Intxortarenmagalean’ izeneko egitasmoarekin aurrera egitea pentsatu zuten.


Amore eman gabe
“Ekonomikoki merezi izan duen apostua izan da baina egia da  Elgeta bezalako herri txiki batendako ez dela erreza horrelako proiektu bat aurrera eramatea”, kontatu du alkateak.
Ibilbide tematikoaren abiapuntua Elgetako espaloia kafe antzokian dago kokatuta. Hainbat dokumentu, argazki, arma, garai hartako arropak eta Intxortako fronteak erasoak nondik jaso zituen azaltzen duen maketa handi bat daude erakusketan. Ibilbideak berriz, bost kilometro inguru ditu eta adin guztietako jendeak egin dezakeen ibilaldia da. Lubakiak edota gordelekuak ikusi daitezke, baita Belgikako miliziano batzuek ekarritako ‘la Belga’ metrailadore historikoa ere. Guztia oso ongi azaltzen duten panel didaktikoak daude ibilbidean zehar. Intxorta mendian frontea nola egon zen kokatuta imajinatzea ahalbidetzen du eta dekorazio guztiak gerra zibila gertuagotik ezagutzeko aukera ematen du. Mikel Larrea elgetan bizi da eta ibilbidea pare bat aldiz egin duela kontatu du, horrez gain, oso ondo dagoela eta horrelako inbertsio bat egitea beharrezkoa dela memoria hori berreskuratu ahal izateko azaldu du.

“Ekonomikoki merezi duen apostua izan da”
Oxel Erostarbe, alkatea

Zerbait gehiago ikasiz
Hilero-hilero lehenengo eta azkenengo igandeetan Elgetako udaletxeak bisita gidatuak antolatzen ditu.  6 eta 16 urte bitarteko gazteek bi euro ordaindu behar dute sarrera eta 16 urtetik gorakoek berriz bost.  Hiru ordu inguruko ibilbidea da eta aurrez izena ematea eskatzen dute. Benedictak ez dela inoiz ibilbidea bisitatzen egon azaldu du, baina inauguratu zutenetik gogo asko izan duela bertara hurbildu eta gia batekin ibilbidea egiteko gehitu du. Bisita gidatua kafe antzokian hasten da erakusketa ikusiz eta ondoren, gia baten laguntzarekin ibilbidea egiten dute bisitariek puntuz-puntu, Faxistek egindako sarraski guztiak ezagutzeko.


2012ko apirilaren 24an beteko dira 75 urte Frankoren tropek Elgeta hartu zutenetik eta jada udaletxea badabil data esanguratsu hori ospatzeko ekimen bereziak antolatzeko lanetan.





viernes, 16 de diciembre de 2011

Zurien etxean blaugranak nagusi


Bartzelonak 1-3 irabazi dio Real Madrili Santiago Bernabeun jokatutako klasikoan

Aintzane LARRAÑAGA
Erakustaldi berri bat eman zuen larunbatean Pep Guardiolaren Bartzelonak. Santiago Bernabeun jokatutako klasikoan, katalanek jada mundu guztiak miresten duen joko azkar eta ikusgarria erakutsi zuten beste behin, eta 1 eta 3ko emaitzarekin gailendu ziren Real Madrilen aurka. Jose Mourinho entrenatzaile portugaldarraren taldeak ez zuen blaugranen jokoari aurre egiterik izan, eta minutua baino lehen Karim Benzemak zurien markagailua aurreratu zuen arren, Guardiolaren mutilek ez zuten aparteko arazorik izan emaitzari buelta emateko.

Victor Valdés atezain katalanaren hutsegite batetik heldu zen Benzemaren gola, partidua hasi eta 22 segundura. Bernabeuko afizioak kantu eta txaloekin ospatu zuen gol goiztiar hura, baina pozak ez zien gehiegi iraun, blaugranak laster hasi baitziren jokoaren nagusitasuna eskuratzen. Messik munduko onena zergatik den erakutsi zien Madrilen bildutako guztiei, eta Cristiano Ronaldorekin duen, edo hedabideek sortu dioten borrokan, garaipen argia eskuratu zuen. Jokaldi guztietan maisuki aurrera ateratzen jakin zuen; portugaldarra, aldiz, merengeen joku eskasaren atzean ezkutatu zen, eta ez zuen jakin abaguneak aprobetxatzen.
 
 Berdinketa lehen zatiko 29. minutuan iritsi zen Alexis Sanchez txiletarraren eskutik. Messiren pase baten ondoren, Sanchezek ederki gainditu zuen Iker Casillas atezaina, markailua 1 eta 1ean utziz atsedenaldian.

Bigarren zatian, Real Madril are gehiago moteldu zen zelaian, Bartzelonari nagusitasun osoa utziz. Honela, eta Marceloren laguntzarekin, Xavik katalanentzat bigarren gola eskuratu zuen 52. minutuan. Hortik aurrera, bi taldeek hainbat aukera izan zituzten markagailuak gizentzeko. 61. minutuan Alexisen jaurtiketa batek Casillasen eskuetan amaitu zuen, eta lau minutu beranduago, buruz errematatu zuen Cristiano Ronaldok, baina honek ere huts egin zuen. Ez zen egunik onena izan erdilari portugaldarrarentzat.


Amaitzeko 25 minuturen faltan, Bartzelonak partidua erabakita utzi zuen, Cesc Fabregasek talde blaugranarentzat hirugarrena eskuratzean. Dani Alves atzelariaren erdiraketa bikain baten ostean, bigarren zutoinean agertu zen Fabregas, eta baloia sarera bildali zuen buruz eginiko erremate eder batekin.

Bukaeran Kakak aukera bikaina izan zuen markagailua mugitzeko, baina saiakera hutsean gelditu zen. Epaileak amaiera adierazi zuen, eta Bernabeuko hiru puntuak Katalunia alderantz joan ziren, futbol erakustaldi izugarri baten emaitz gisa.

Bartzelona garaile Bernabeun


Eneritz LARREA
Bartzelona garaile (1-3) agertu zen Larunbatean Real Madrilen aurka jokatutako partiduan. Santiago Bernabéu estadioan jokatu zuten eta BBVA ligako hamaseigarren partidua izan zen. Guardiolaren mutilak klasifikazioaren buru dira orain Madrildarren puntu berberekin baina partida bat gehiago jokatuta.


Giroa izugarria zen, jende pila bat irrikatan zegoen partida has zedin eta estadioanez zen ezta inurri bat sartzen. Txuriak pozik zeuden etxean jolasten baitzuten eta horrez gain, irabazteko boleto guztiak zeuzkatela uste zuten. Hasi zen partida eta jendeak bere eserlekua hartu baino lehen etorri zen Madrildarren poza, Valdés-ek egindako akats baten ondorioz baloia Benzemaren oinetaraino iritsi eta honek, lehenengo gola sartu zuen.



Nabaria zen gorri-urdinen urduritasuna baita beraien entrenatzailearena ere, partidua ez zen beraiek uste zuten bezala hasi eta Guardiola alde batetik bestera zebilen bere mutilei azalpenak emanez. Baina bartzelonarrei ere etorri zitzaien beraien ordua, gola sartzeko hainbat saiakera egin ostean 29. minutuan etorri zen berdinketa markagailura, aurrelari txiletarrak Messiren jokaldia aprobetxatu eta baloia Casillasen atean sartu zuen. Markagailuan berdinketarekin amaitu zuten lehenengo zatia.


Gogotsu atera ziren jokalariak  zelaira bigarren zatia jokatzera, baina, oraingoan Guardiolaren mutilak indartsuago zeudela eta errez agindu zuten zelaian.  52. Minutuan Xavik bigarren gola sartu zuen. Mourinhoren mutilek aukera bikainak izan zituzten partida berdintzeko, baina aukera guztiak saiakeran gelditu ziren. 65. Minutuan etorri ze txuri-urdinen hirugarren eta azken gola, Dani Alvesek egindako erdiraketa bikaina aprobetxatu eta Cesc Fabregasek sartu zuen baloia sare barrura.



1-3 markatzen zuen markagailuak partidua amaitzerakoan eta Kataluiniako taldeak hiru puntu garrantzitsu lortu zituen.

Beste behin ere Bartzelona garaile Bernabeun


Asier KORTABARRIA


Azken urteetan gertatzen ari den bezala, hainbat aste lehenagotik izan genuen “klasikoaren” inguruko bonbardeoa. Azken finean, klasiko konstante batean bizi garela ematen du, non Real Madril eta Bartzelona kirol berrietako monotema diren. Gauzak horrela, iritsi zen abenduaren 10a, larunbata, eta espektazioa izugarria zen. Real Madril vs Bartzelona, Mourinho vs. Guardiola, CRonaldo vs. Messi....



Real Madril Bartzelonaren aurretik zegoen, etxean dena irabazita eta moralez lepo. Zaleak ere gogotsu zeuden, izan ere, Bartzelonaren aurkako garaipenak Espainiar futboleko lidertza absolutuan utziko zuen taldea. Eta hasi zen partidua, eta hasi bezain pronto, 23. segunduan, Benzema aurrelariaren gola, Valdes atezainaren akats baten ostean sortutako jokaldi nahasi batean. Esan daiteke eztanda egin zuela Bernabeuk, bere garai onenak gogoratuz, baina partidua hasi besterik ez zen egin.


Real Madrilek bikain hasi zuen partidua eta lehen minutuetan presionatzen jarraitu zuen, ia Bartzelona ito arte. Hala ere, minutuak pasa ahala Bartzelona altsatzen joan zen, eta 29 minutuan banako berdinketa lortuz zuen. Messi agertu zen, berak bakarrik egiten dituen abiadura handiko jokaldi horietako batekin, Alexis-i pase bikaina eman zion, eta aurrelari txiletarrak ez zuen hutsik egin. Bernabeu ixilik, eta Bartzelona partiduan entxufatuta berriz ere. Eta hemendik aurrera Messik gidatutako Bartzelona joan zen partiduaren erritmoa jartzen, nagustiasunez, epaileak lehen zatia bukatutzat eman zuen arte. 



Bi taldeak gogotsu atera ziren bigarren zatian, baina bat-batean Bartzelonaren golak gauzak hankaz-gora jarri zituen (52. Min). Zorte dexenterekin, Xavik egindako jaurtiketak Coentrao eta zutoina jo eta barrura sartu zen. Zortea ala ez, partidua maldan-gora jarri zitzaion Real Madrili: 1-2 Bartzelonaren alde.



Ordutik aurrera Bartzelonak partidua nahi zuen moduan izan zuen, eta 65. minutuan heldu zen sententzia, Cesc-en eskutik jokaldi bikain baten ostean. Hemendik aurrera, ezer gutxi, soilik esan Bartzelonak izan zuela gol gehiago sartzeko beta, baina azkenean 1-3 eta Bartzelonarentzat garaipen juxtua.



Bartzelonak demostratu zuen ez duela atzean gelditu nahi, eta Madrilek beste behin ere eman zuen amore Bartzelonaren aurka. Orain bi taldeak berdinduago (ikus klasifikazioa), ikusi egin beharko da nola doan denboraldia. Eta bitartean, azken urteetako krisi larriena bizitzen ari den herrialdea aste oso batez “klasikoa”-ren inguruko erreportaietan itota. Askotan lehentasun gauza bat soilik da…

martes, 13 de diciembre de 2011

Gabonak: ospakizuna ala negozioa?

Kontsumismoa da nagusi Gabon garaian, krisi gogorra pairatzen ari garen arren

Aintzane LARRAÑAGA
Iritsi da abendua. Negua ere laster iritsiko da. Baina oraindik eta lehenago iritsi direla dirudi Gabonak. Ospakizun nagusiak hilaren 24an, Gabon Gauean, hasten diren arren, urtero gero eta lehenago ikus ditzakegu gabon argiak kaleetan. Panpinazko Olentzero ugari etxeetako balkoietan eskegita ikusten ditugu ia hotza egiten hasi baino lehen, eta dendak jendez beteta izaten ditugu abendua iritsi orduko. Izan ere, urtero gero eta lehenago ekiten diogu Gabonak prestatzeari. Azkenean udarekin lotuko ote ditugu festa negutiar hauek?

Gabonen jatorria
Gabonak kristautasunak asmatutako ospakizunak direla uste dugun arren, festa hauen jatorria paganoa da. Antzinako paganoek, duela milaka urte, neguko solstizioaren etorrera ospatzeko asmatu zuten Eguberria, eguna berriro luzatzen hasten dela ospatzeko jaia. Paganoek asmatutako pertsonaiak dira egun Gabonetako ikur gisa erabiltzen ditugunak, besteak beste, apaingarriz jositako pinua, Olentzero, Santa Claus eta Kataluniako Tió de Nadal.



Ohitura zahar hauek kristautasunak berreskuratu ditu azken mendeetan, Jesusen jaiotza ospatzeko, baina kristauek ez zuten data hau kasualitatez hautatu; Jesusen jaiotza garai honetan izan zela frogatu gabe dagoen arren, data hauek kristauen festa bihurtzearen xede nagusia paganismoari amaiera ematen eta kristauak nagusitzea izan zen. Eguberri edo Gabon izenaz gain, Natibitate izena jarri zitzaion Gabon Gaueko ospakizunari, eta Jesusen jaiotzarekin lotu zen.

Gaur egun, paganoek ospatzen jarraitzen duten arren, kristauen festa gisa ezagunagoak ditugu Gabonak, eta fededunen ospakizuntzat hartzen dira sarritan. Urteko ospakizun nagusia da Erromatar Eliza Katolikoarentzat, eta leku askotan, Espainian eta hispanoamerikan, kasu, urtarrilaren 6a arte luzatzen dira ospakizun egunak.

Fede kontua?
Familia katolikoentzat garai seinalatua da Gabon garaia. Jesusen jaiotza ospatzeko garaia da. Maitasuna eta laguntasuna ere sarritan aipatzen diren hitzak dira urteko sasoi honetan. Baina askok maitasuna adieraztea kontsumismoarekin lotu dute azken urteotan. Izan ere, familien batez besteko gastua izugarri igotzen da Gabon garaian, eta Eguberria dirua gastatzearen sinonimo bihurtu da. Sistema kapitalistak bere garapenerako behar duen kontsumismoa bultzatu egiten du urteko garai hauetan. Krisi garaia bizi dugun arren, modu arduratsuan beharrezkoa duguna erosi baino, kontsumituz gozatzen dugu, eta aipatutako maitasuna eta laguntasuna erakusteko erabiltzen ditugu opariak.
Antzinako paganoek, duela milaka urte,
neguko solstizioaren etorrera ospatzeko asmatu
zuten Eguberria, eguna berriro luzatzen
hasten dela ospatzeko jaia.

Deloitte enpresaren ikerketa baten arabera, espainiar estatuan, familia bakoitzak 910 euro inguru gastatzen ditu Gabonetan. Zifra horren %40a elikagaien kontsumora zuzentzen da, eta gainerakoa, oparietara eta bidaietara.

Kontraesanak saltzaileen eta erosleen artean
Gabonak hain goiz hastearen arrazoia ez dago hain argi. “Abenduko lehenengo astean hasten gara Gabonetako kanpaina prestatu eta martxan jartzen, jendeak hala eskatzen duelako” dio Bilboko El Corte Inglés saltokiko Marina Fernándezek. Azpeitiko JM jostailudendako saltzaile Maite Zabaletak ere antzeko iritzia du: “abendua hasi orduko hasten gara Gabonetako katalogoak prestatzen, eta segituan agortzen dira produktu gehienak”.

Erosleek, aldiz, ez dute iritzi bera. Mikel Oruesagasti eta Ainara Gonzalez gazteen ustez, “gehiegizkoa da dendek bultzatzen duten kontsumismoa. Goizegi hasten dira Gabonetako salmentekin”. Beraz, zerk bultzatzen ote du Gabonen aurrerapena, erosleek ala saltzaileek?

Krisia dela eta, hainbeste murrizketa egiteak ez
du ezertarako balio, hilabete lehenagotik
Gabon argiak pizten hasten bagara”
Jose Mari Larrañaga, 4 umeren aita 

Ecologistas en Acción taldeko partaidea da José Martinez, eta Gabonak marketing estrategia hutsa direla uste du. “Urte osoan zehar prezioak direla eta kexatu besterik ez gara egiten, eta Gabonetan, aldiz, erostea baino ez dugu izaten buruan, gauzak garestien dauden momentuan”. Kontsumismoa ekiditeko, irtenbideak badaudela aipatu du Martinezek, “ospakizunetan irudimena erabiliz”.

Hainbeste argi, beharrezkoa?
Gabon giroa apaintzeko, badirudi ezinbestekoa dela kale guztiak milaka argi koloretsurekin hornitzea. Espainiar estatuan, Industria sailak luzatutako datuen arabera, orduko 30 milioi kilowatt kontsumitzen dituzte kaleetan zehar jarritako Gabonetako argiek, 50.000 etxebizitzek urtebetez kontsumitzen dutena adina, eta 10.000 tona karbono dioxido isurtzen dituzte atmosferara. 
Gabon argiak abenduaren hasieratik piztuta daude Bilbon
Herritarren hitzen arabera, nahikoa litzateke Santo Tomas inguruan, abenduaren 21ean, alegia, argiak pizten hastea, eta xahutzen den energia kantitatea gehiegizkoa dela uste dute. Hala dio behintzat 4 haurren aita den Jose Mari Larrañaga azpeitiarrak: “krisia dela eta, hainbeste murrizketa egiteak ez du ezertarako balio, hilabete lehenagotik Gabon argiak pizten hasten bagara. Nahikoa da egun batzuk lehenago piztuta, festak girotzen joateko”.

Beraz, dendariek urteko negoziorik onenak garai honetan egiten dituzten arren, erosleen eta saltzaileen artean kontraesanak daude, eta ez dago argi nork bultzatzen duen Gabonen aurerapen hau. Garbi dagoen gauza bakarra Gabonetako kontsumoa urtez urte hazten doala da, krisi larria pairatzen dugun arren. Horregatik, gure erosketak ahalik eta gehien kontrolatzea besterik ez zaigu gelditzen, sukar kontsumistari aurre eginez.

jueves, 8 de diciembre de 2011

Ur arrastoak planeta gorrian


Aintzane LARRAÑAGA

NASA agentzia estatubatuarraren 'Opportunity' zundak igeltsu itxura duen mineral disdiratsu bat atzeman du Martitzen. 50 zentimetroko luzera eta 2 zentimetroko zabalera duen 'ibai' hau harrien tartean kokatzen da, eta Endeavour Crater deitzen den zonaldean dago. Mineral honen beste hainbat marka ere bilatu dituzte inguru honetan, baina 'Mars Rover Opportunity' zundak topatu duena da handiena.

'Opportunity' zundaren berregite digitala
Cornell unibertsitateko ikerlari Steve Squyresen hitzetan, mineral honen agerpenak inguru horretan ura egon zela esan nahi du. Igeltsua kokatzen den inguruko harrietan magnesioa, burdina eta kaltzioa topatu izanak are gehiago sendotzen du Squyresen teoria, duela hainbat milioi urte bustita egon ziren markak baitira.

'Opportunity' 'Spirit' izeneko zundarekin batera aritu zen Martitzen lanean. 2010ean, 'Spirit'ek NASArekin zituen harremanak galdu zituen, baina 'Opportunity'k lanean dihardu oraindik. Hurrengo misioa 'Cape York' zonaldera joatea izango da, planeta gorriko negu gogorrari aurre egiteko dagoen kokapenik epelenetakoa baita.