domingo, 27 de noviembre de 2011

Terminator-en ikusmena, errealitatean?

Aintzane LARRAÑAGA
Euskadi Irratiko 'ABildua' teknologia saioak Twitterren eta eitb.comek bere webgunean adierazi dutenez, AEBko ikertzaile batzuk ukipen-lente berezi batzuk sortu berri dituzte. Berezitasuna? Ordenagailuko pantailak bezala funtzionatzen dutela.

Finlandiako unibertsitate batekin elkarlanean, Washingtoneko ikertzaileek asmatu zituzten lente berezien berri eman zioten 'Journal of Micromechanics and Microengineering' aldizkariari. Ukipen-lente berri hauek zirkuitu elektronikoak dituzte, eta giza-begiak ikusi dezakeenaz gain, ordenagailu bateko pantailak bezalako irudiak sor ditzake. Honela, geure begietan posta elektronikoa irakurtzeko gai izango ginatekela adierazi du Babak Parvizek, asmakizunaren sortzaileetako batek.


Lentearen zirkuituek ikusmen 'normala' ez dutela eragozten aipatu dute ikertzaileek, eta miopia, hipermetropia edo astigmatismoa duten pertsonek euren lenteen gainetik jartzeko arazorik ez dutela izango.

Momentuz, pertsonekin probatu aurretik, untxi batekin probatu dute ukipen-lentearen funtzionamentua egokia ote den ala ez. 20 minutuz lentea jantzita izan ondoren, untxiak ez omen du ondorio negatiborik izan; beraz, laster gizakiekin frogatzea espero dute Washington eta Finlandiako asmatzaileek.

Discovery Newsek 'Terminator' famatuaren begiekin konparatu ditu lente berriak. Izan ere, honelako asmakuntzekin, egunetik egunera gizakia robotengandik gertuago dagoela dirudi.

No hay comentarios:

Publicar un comentario