sábado, 1 de octubre de 2011

Alfonbra hegalaria sortu dute Princeton unibertsitateko ikertzaileek

Askotan errealitateak fikzioa gainditzen duela esan ohi da. Eta beste behin, fantasiazko munduetan soilik ikusi dugun zerbait errealitate bihurtu da. Princeton unibertsitateko Noah Jafferis ikasle amerikarrak eta bere ikertzaile taldeak alfonbra hegalaria sortu berri dute. Plastikozkoa da, eta hamar zentimetro inguru neurtzen ditu luzeran. Martxan jartzeko, korronte elektrikoek sortutako uhinak behar ditu, eta horiei esker, airean egon daiteke, segunduko zentimetro bat mugituz.

Itxura hau du alfonbra hegalariak

'Applied Physics Letters' aldizkarian eman zuten ikertzaileek asmakizunaren berri, eta BBC kateak adierazi duenez, diseinuan aldaketak eginez, etorkizunean segunduko metro bat desplazatzeko gai izango omen da.

Proiektuan parte hartu duten ikertzaileen hitzetan, alfonbra hegalariaren sekretu nagusia malgutasuna da; izan ere, plastikozko xaflaren elastikotasuna jakinda, hegan egiteko egokiena duen korronte elektrikoa aplikatu ahal izan diote.

Bi urte luze pasatu dira Princeton unibertsitatean proiektu honekin hasi zirenetik, eta ikerketa ordu guztiek euren fruituak eman dituzte azkenean. Baina hau hasiera baino ez dela adierazi du Noah Jafferisek. Izan ere, etorkizunean pertsonak garraiatzeko moduko alfonbra garatu nahi duela dio. Oztopo nagusia? Pertsonak eraman ahal izateko, gutxienez 50 metro luze neurtu beharko du, aireratzeko beharrezkoak dituen bateriak eta korronte elektrikoak kokatu ahal izateko. Hala ere, Jafferis baikorra da, eta egunen batean bere asmakizunak jendea Martitzera eraman ahal izango duela sinesten du. Batek daki, agian Aladin berriaren aurrean egon gaitezke!




No hay comentarios:

Publicar un comentario