domingo, 16 de octubre de 2011

Egunerokotasunetik berehalakotasunera

Aintzane LARRAÑAGA

Guztiok dakigun bezala, gaur egun gero eta garrantzi handiagoa du Internetek, eta kazetaritzaren mundua hankaz gora jarri du sarearen hedapenak. Aldaketa hauen inguruan aritu da Josetxo Rodriguez, deia.com webguneko arduraduna, Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko hainbat ikasleren aurrean. 

Rodriguezen hitzetan, egungo irakurleak, gutxi gorabehera, minutu bat eta hamabi segundu eskaintzen dizkio albiste bakoitzaren irakurketari, eta guztira lau minutu inguru behar ditu webguneari begirada bat emateko. Hori dela eta, ziberkazetariak ahalik eta modu erakargarrienean aurkeztu behar ditu berriak, estekak, irudiak, bideoak, audioak, eta abar erabiliz. 

Webguneen erabilera masiboa dela eta, jada atzean gelditzen ari da 'egunkari' kontzeptua. Rodriguezek esan bezala, orain albisteak gertatu eta berehala publikatzen dira, hurrengo eguneko egunkariaren zain egon beharrik gabe. Beraz, aurrez prestatutako plantila batzuk erabiliz, euren ustez garrantzitsuenak diren albisteak ordena jakin batean kokatzen dituzte ziberkazetariek, webguneak beti antzeko itxura izaten duelarik.

Kazetaritza modalitate berri honekin, idazle-irakuleen arteko interaktibitatea izugarri hazten da, albistearen inguruan iruzkinak utzi eta boto positibo nahiz negatiboak emateko aukera ematen baitzaio webgunearen erabiltzaileari. Lana egiteko modua ere asko aldatu dela aipatzen du Rodriguezek; izan ere, papereko edizioa prestatzen duten kazetariengandik aparte jartzen dira kazetari digitalak, edota kanpotik egiten dute lana, ordenagailu eramangarriak erabiliz. Bestalde, lan taldean tekniko bat ere egon ohi da, webgunearen itxura eta aldaketak zaintzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario