sábado, 1 de octubre de 2011

Gamefesten bigarren edizioa abian da

Iaz izandako arrakasta errepikatu asmoz, irailaren 29an hasi zen Gamefest, bideojokoen jaialdiaren bigarren edizioa Madrilen. Urriaren 2an amaituko da, eta ordurarte, IFEMA pabilioira gerturatzen direnek bideojokoen munduko azken berrikuntzak, laster kaleratuko diren joko eta kontsolak eta sorpresa ugari ikusi ahal izango dituzte.


Lau egun hauetan zehar 60.000 bisitari inguru espero dituzte antolatzaileek, iazko edizioan baino 20.000 gehiago. Izan ere, bideojokoak maite dituztenentzat, paradisua da Gamefest, oraindik kaleratu gabe dauden joko ugari probatzeko aukera ematen baitzaie bertan. Atal desberdinetan banatzen da jaialdi hau, fabrikatzaile bakoitzak bere gunea baitauka. Honela, Sony, Nintendo, Activision, Konami eta Electronic Arts enpresak aurki ditzakegu Gamefesten, euren berrikuntzak erakusteko asmoz. 

Jaialdian aurkeztutako berrikuntzen artean, azpimarratzekoa da Sonyk aurkeztutako Playstation Vita kontsola. 12 unitate daude ikusgai tramankulu berriarentzat prestatutako stand berezian, eta, bost minutuz, edonork jolastu dezake erabilgarri dauden jokoetan.

Aurkeztu diren bideojoko ugarietako bat probatu daiteke stand honetan

Jende ilara handiak sortu dituzte, besteak beste, Activision etxeak aurkeztutako Call of Duty: Modern Warfare 3 bideojokoak eta THQ enpresak NBA 2K jokoa erabili ahal izateko muntatutako autobus izugarriak. Baina, berrikuntza ugari aurkeztu arren, nostalgikoek ere badute euren txokoa Gamefesten: Super Mario Bros eta Sonic bezalako pertsonaia famatuen irudiak ikus daitezke jaialdiko edozein bazterretan, eta klasikoak oraindik bizirik daudela erakutsi dute jaialdiaren antolatzaileek.

No hay comentarios:

Publicar un comentario