domingo, 18 de septiembre de 2011

Martitzera iristeko gai izango den kohetea eraiki nahi du NASAk

Gizakia planeta gorrira eramango duen espazio-ontzia eraikitzeko proiektua aurkeztu du agentzia estatubatuarrak

AEBetako NASA agentzia espazialak proiektu berri bat aurkeztu du aste honetan. Helburu nagusia kohete handi bat eraiki eta gizakia Martitzera eramatea da. Horretarako, Space Launch System edo SLS izeneko jaurtigailu sistema sortu nahi du NASAk. Sekula eraiki den espazio-ontzirik handiena izango dela aipatu dute agentzia estatubatuarreko kideek, eta 18.000 milioi dolar inguruko kostua izango du.

SLSak izango duen ustezko itxura

Sistema berri honen eraikuntzan, aurrez erabilitako teknologia aprobetxatuko dute, eta 2030. urte ingururako gizakia Martitzera eramateko gai izango dela espero dute. Aurrez, hainbat proba egingo dituzte, besteak beste, tripulatu gabeko hegaldi bat egiteko asmoa dute 2017. urterako, eta gizakia asteroideren batera iristea 2025. urterako.

NASAko arduradun Charles Boldenen hitzetan, proiektu honek “gizakia Ilargira iristeko erabilitako sistema berbera” erabiliko du, eta SLSa espaziora hainbat tona material eramateko gai izango da. Era berean, sistema “indartsua” izango dela aurreratu du, istripuak ekidin ahal izateko.

Hasierako plangintzaren arabera, SLSak hiru motor izango ditu, eta urtean behin edo bi aldiz soilik erabiliko dute. Orion izeneko ibilgailua eramango du bere baitan, eta bertan sei astronauta sar daitezke gehienez.

Proiektu honek zeresan handia piztu du AEBetan; izan ere, NASAk langile ugari kaleratu ditu azken hilabeteetan eta hainbat proiektu bertan behera gelditu dira krisia dela eta. Boldenen ustez, ordea, misio honek lanpostu berriak sortuko ditu eta espazioan AEBek duten nagusitasuna bermatuko du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario