viernes, 16 de diciembre de 2011

Bartzelona garaile Bernabeun


Eneritz LARREA
Bartzelona garaile (1-3) agertu zen Larunbatean Real Madrilen aurka jokatutako partiduan. Santiago Bernabéu estadioan jokatu zuten eta BBVA ligako hamaseigarren partidua izan zen. Guardiolaren mutilak klasifikazioaren buru dira orain Madrildarren puntu berberekin baina partida bat gehiago jokatuta.


Giroa izugarria zen, jende pila bat irrikatan zegoen partida has zedin eta estadioanez zen ezta inurri bat sartzen. Txuriak pozik zeuden etxean jolasten baitzuten eta horrez gain, irabazteko boleto guztiak zeuzkatela uste zuten. Hasi zen partida eta jendeak bere eserlekua hartu baino lehen etorri zen Madrildarren poza, Valdés-ek egindako akats baten ondorioz baloia Benzemaren oinetaraino iritsi eta honek, lehenengo gola sartu zuen.



Nabaria zen gorri-urdinen urduritasuna baita beraien entrenatzailearena ere, partidua ez zen beraiek uste zuten bezala hasi eta Guardiola alde batetik bestera zebilen bere mutilei azalpenak emanez. Baina bartzelonarrei ere etorri zitzaien beraien ordua, gola sartzeko hainbat saiakera egin ostean 29. minutuan etorri zen berdinketa markagailura, aurrelari txiletarrak Messiren jokaldia aprobetxatu eta baloia Casillasen atean sartu zuen. Markagailuan berdinketarekin amaitu zuten lehenengo zatia.


Gogotsu atera ziren jokalariak  zelaira bigarren zatia jokatzera, baina, oraingoan Guardiolaren mutilak indartsuago zeudela eta errez agindu zuten zelaian.  52. Minutuan Xavik bigarren gola sartu zuen. Mourinhoren mutilek aukera bikainak izan zituzten partida berdintzeko, baina aukera guztiak saiakeran gelditu ziren. 65. Minutuan etorri ze txuri-urdinen hirugarren eta azken gola, Dani Alvesek egindako erdiraketa bikaina aprobetxatu eta Cesc Fabregasek sartu zuen baloia sare barrura.



1-3 markatzen zuen markagailuak partidua amaitzerakoan eta Kataluiniako taldeak hiru puntu garrantzitsu lortu zituen.

Beste behin ere Bartzelona garaile Bernabeun


Asier KORTABARRIA


Azken urteetan gertatzen ari den bezala, hainbat aste lehenagotik izan genuen “klasikoaren” inguruko bonbardeoa. Azken finean, klasiko konstante batean bizi garela ematen du, non Real Madril eta Bartzelona kirol berrietako monotema diren. Gauzak horrela, iritsi zen abenduaren 10a, larunbata, eta espektazioa izugarria zen. Real Madril vs Bartzelona, Mourinho vs. Guardiola, CRonaldo vs. Messi....



Real Madril Bartzelonaren aurretik zegoen, etxean dena irabazita eta moralez lepo. Zaleak ere gogotsu zeuden, izan ere, Bartzelonaren aurkako garaipenak Espainiar futboleko lidertza absolutuan utziko zuen taldea. Eta hasi zen partidua, eta hasi bezain pronto, 23. segunduan, Benzema aurrelariaren gola, Valdes atezainaren akats baten ostean sortutako jokaldi nahasi batean. Esan daiteke eztanda egin zuela Bernabeuk, bere garai onenak gogoratuz, baina partidua hasi besterik ez zen egin.


Real Madrilek bikain hasi zuen partidua eta lehen minutuetan presionatzen jarraitu zuen, ia Bartzelona ito arte. Hala ere, minutuak pasa ahala Bartzelona altsatzen joan zen, eta 29 minutuan banako berdinketa lortuz zuen. Messi agertu zen, berak bakarrik egiten dituen abiadura handiko jokaldi horietako batekin, Alexis-i pase bikaina eman zion, eta aurrelari txiletarrak ez zuen hutsik egin. Bernabeu ixilik, eta Bartzelona partiduan entxufatuta berriz ere. Eta hemendik aurrera Messik gidatutako Bartzelona joan zen partiduaren erritmoa jartzen, nagustiasunez, epaileak lehen zatia bukatutzat eman zuen arte. 



Bi taldeak gogotsu atera ziren bigarren zatian, baina bat-batean Bartzelonaren golak gauzak hankaz-gora jarri zituen (52. Min). Zorte dexenterekin, Xavik egindako jaurtiketak Coentrao eta zutoina jo eta barrura sartu zen. Zortea ala ez, partidua maldan-gora jarri zitzaion Real Madrili: 1-2 Bartzelonaren alde.



Ordutik aurrera Bartzelonak partidua nahi zuen moduan izan zuen, eta 65. minutuan heldu zen sententzia, Cesc-en eskutik jokaldi bikain baten ostean. Hemendik aurrera, ezer gutxi, soilik esan Bartzelonak izan zuela gol gehiago sartzeko beta, baina azkenean 1-3 eta Bartzelonarentzat garaipen juxtua.



Bartzelonak demostratu zuen ez duela atzean gelditu nahi, eta Madrilek beste behin ere eman zuen amore Bartzelonaren aurka. Orain bi taldeak berdinduago (ikus klasifikazioa), ikusi egin beharko da nola doan denboraldia. Eta bitartean, azken urteetako krisi larriena bizitzen ari den herrialdea aste oso batez “klasikoa”-ren inguruko erreportaietan itota. Askotan lehentasun gauza bat soilik da…

martes, 13 de diciembre de 2011

Gabonak: ospakizuna ala negozioa?

Kontsumismoa da nagusi Gabon garaian, krisi gogorra pairatzen ari garen arren

Aintzane LARRAÑAGA
Iritsi da abendua. Negua ere laster iritsiko da. Baina oraindik eta lehenago iritsi direla dirudi Gabonak. Ospakizun nagusiak hilaren 24an, Gabon Gauean, hasten diren arren, urtero gero eta lehenago ikus ditzakegu gabon argiak kaleetan. Panpinazko Olentzero ugari etxeetako balkoietan eskegita ikusten ditugu ia hotza egiten hasi baino lehen, eta dendak jendez beteta izaten ditugu abendua iritsi orduko. Izan ere, urtero gero eta lehenago ekiten diogu Gabonak prestatzeari. Azkenean udarekin lotuko ote ditugu festa negutiar hauek?

Gabonen jatorria
Gabonak kristautasunak asmatutako ospakizunak direla uste dugun arren, festa hauen jatorria paganoa da. Antzinako paganoek, duela milaka urte, neguko solstizioaren etorrera ospatzeko asmatu zuten Eguberria, eguna berriro luzatzen hasten dela ospatzeko jaia. Paganoek asmatutako pertsonaiak dira egun Gabonetako ikur gisa erabiltzen ditugunak, besteak beste, apaingarriz jositako pinua, Olentzero, Santa Claus eta Kataluniako Tió de Nadal.



Ohitura zahar hauek kristautasunak berreskuratu ditu azken mendeetan, Jesusen jaiotza ospatzeko, baina kristauek ez zuten data hau kasualitatez hautatu; Jesusen jaiotza garai honetan izan zela frogatu gabe dagoen arren, data hauek kristauen festa bihurtzearen xede nagusia paganismoari amaiera ematen eta kristauak nagusitzea izan zen. Eguberri edo Gabon izenaz gain, Natibitate izena jarri zitzaion Gabon Gaueko ospakizunari, eta Jesusen jaiotzarekin lotu zen.

Gaur egun, paganoek ospatzen jarraitzen duten arren, kristauen festa gisa ezagunagoak ditugu Gabonak, eta fededunen ospakizuntzat hartzen dira sarritan. Urteko ospakizun nagusia da Erromatar Eliza Katolikoarentzat, eta leku askotan, Espainian eta hispanoamerikan, kasu, urtarrilaren 6a arte luzatzen dira ospakizun egunak.

Fede kontua?
Familia katolikoentzat garai seinalatua da Gabon garaia. Jesusen jaiotza ospatzeko garaia da. Maitasuna eta laguntasuna ere sarritan aipatzen diren hitzak dira urteko sasoi honetan. Baina askok maitasuna adieraztea kontsumismoarekin lotu dute azken urteotan. Izan ere, familien batez besteko gastua izugarri igotzen da Gabon garaian, eta Eguberria dirua gastatzearen sinonimo bihurtu da. Sistema kapitalistak bere garapenerako behar duen kontsumismoa bultzatu egiten du urteko garai hauetan. Krisi garaia bizi dugun arren, modu arduratsuan beharrezkoa duguna erosi baino, kontsumituz gozatzen dugu, eta aipatutako maitasuna eta laguntasuna erakusteko erabiltzen ditugu opariak.
Antzinako paganoek, duela milaka urte,
neguko solstizioaren etorrera ospatzeko asmatu
zuten Eguberria, eguna berriro luzatzen
hasten dela ospatzeko jaia.

Deloitte enpresaren ikerketa baten arabera, espainiar estatuan, familia bakoitzak 910 euro inguru gastatzen ditu Gabonetan. Zifra horren %40a elikagaien kontsumora zuzentzen da, eta gainerakoa, oparietara eta bidaietara.

Kontraesanak saltzaileen eta erosleen artean
Gabonak hain goiz hastearen arrazoia ez dago hain argi. “Abenduko lehenengo astean hasten gara Gabonetako kanpaina prestatu eta martxan jartzen, jendeak hala eskatzen duelako” dio Bilboko El Corte Inglés saltokiko Marina Fernándezek. Azpeitiko JM jostailudendako saltzaile Maite Zabaletak ere antzeko iritzia du: “abendua hasi orduko hasten gara Gabonetako katalogoak prestatzen, eta segituan agortzen dira produktu gehienak”.

Erosleek, aldiz, ez dute iritzi bera. Mikel Oruesagasti eta Ainara Gonzalez gazteen ustez, “gehiegizkoa da dendek bultzatzen duten kontsumismoa. Goizegi hasten dira Gabonetako salmentekin”. Beraz, zerk bultzatzen ote du Gabonen aurrerapena, erosleek ala saltzaileek?

Krisia dela eta, hainbeste murrizketa egiteak ez
du ezertarako balio, hilabete lehenagotik
Gabon argiak pizten hasten bagara”
Jose Mari Larrañaga, 4 umeren aita 

Ecologistas en Acción taldeko partaidea da José Martinez, eta Gabonak marketing estrategia hutsa direla uste du. “Urte osoan zehar prezioak direla eta kexatu besterik ez gara egiten, eta Gabonetan, aldiz, erostea baino ez dugu izaten buruan, gauzak garestien dauden momentuan”. Kontsumismoa ekiditeko, irtenbideak badaudela aipatu du Martinezek, “ospakizunetan irudimena erabiliz”.

Hainbeste argi, beharrezkoa?
Gabon giroa apaintzeko, badirudi ezinbestekoa dela kale guztiak milaka argi koloretsurekin hornitzea. Espainiar estatuan, Industria sailak luzatutako datuen arabera, orduko 30 milioi kilowatt kontsumitzen dituzte kaleetan zehar jarritako Gabonetako argiek, 50.000 etxebizitzek urtebetez kontsumitzen dutena adina, eta 10.000 tona karbono dioxido isurtzen dituzte atmosferara. 
Gabon argiak abenduaren hasieratik piztuta daude Bilbon
Herritarren hitzen arabera, nahikoa litzateke Santo Tomas inguruan, abenduaren 21ean, alegia, argiak pizten hastea, eta xahutzen den energia kantitatea gehiegizkoa dela uste dute. Hala dio behintzat 4 haurren aita den Jose Mari Larrañaga azpeitiarrak: “krisia dela eta, hainbeste murrizketa egiteak ez du ezertarako balio, hilabete lehenagotik Gabon argiak pizten hasten bagara. Nahikoa da egun batzuk lehenago piztuta, festak girotzen joateko”.

Beraz, dendariek urteko negoziorik onenak garai honetan egiten dituzten arren, erosleen eta saltzaileen artean kontraesanak daude, eta ez dago argi nork bultzatzen duen Gabonen aurerapen hau. Garbi dagoen gauza bakarra Gabonetako kontsumoa urtez urte hazten doala da, krisi larria pairatzen dugun arren. Horregatik, gure erosketak ahalik eta gehien kontrolatzea besterik ez zaigu gelditzen, sukar kontsumistari aurre eginez.

jueves, 8 de diciembre de 2011

Ur arrastoak planeta gorrian


Aintzane LARRAÑAGA

NASA agentzia estatubatuarraren 'Opportunity' zundak igeltsu itxura duen mineral disdiratsu bat atzeman du Martitzen. 50 zentimetroko luzera eta 2 zentimetroko zabalera duen 'ibai' hau harrien tartean kokatzen da, eta Endeavour Crater deitzen den zonaldean dago. Mineral honen beste hainbat marka ere bilatu dituzte inguru honetan, baina 'Mars Rover Opportunity' zundak topatu duena da handiena.

'Opportunity' zundaren berregite digitala
Cornell unibertsitateko ikerlari Steve Squyresen hitzetan, mineral honen agerpenak inguru horretan ura egon zela esan nahi du. Igeltsua kokatzen den inguruko harrietan magnesioa, burdina eta kaltzioa topatu izanak are gehiago sendotzen du Squyresen teoria, duela hainbat milioi urte bustita egon ziren markak baitira.

'Opportunity' 'Spirit' izeneko zundarekin batera aritu zen Martitzen lanean. 2010ean, 'Spirit'ek NASArekin zituen harremanak galdu zituen, baina 'Opportunity'k lanean dihardu oraindik. Hurrengo misioa 'Cape York' zonaldera joatea izango da, planeta gorriko negu gogorrari aurre egiteko dagoen kokapenik epelenetakoa baita. 

miércoles, 7 de diciembre de 2011

iPad, Txinara iritsi ezinik

Aintzane LARRAÑAGA

Merkatu txinatarrera iristeko arazoekin dabil Apple enpresa estatubatuarraren iPad tableta. Izan ere, tabletaren izena ezin izango du mantendu Txinan, jada beste produktu bat existitzen baita izen berberarekin. 



Applek ProView Electronics enpresa taiwandarra auzitara eraman zuen, iPad izena erabiltzeagatik, baina Shenzhen hiriko epaitegi batek, kasua aztertu ondoren, izenaren eskubide guztiak ProViewrenak direla xedatu du. Izan ere, enpresa asiarrak iPad izena 2000. urtean erregistratu zuen, sagarraren multinazionalak baino 9 urte lehenago, eta Apple-ek ekialdeko merkatuan sartzeko eginiko saiakerari oztopoak jarri zizkioten, izenaren eskubideak zirela eta.

Orain, eskubideak urratzeagatik, ia 1.200 milioi euroko kalte ordainak eskatu nahi dizkio Proviewk Appleri. Bitartean, Steve Jobs zenaren enpresak beste estrategia bat asmatu beharko du merkatu txinatarrean iPadaren arrastoa uzteko.

Facebook bere sortzailearen aurka

Eneritz LARREA
Hiru hilabete pasa dira facebook sare sozialaren erabiltzaileak segurtasunaren inguruko kexekin hasi zirenetik, eta oraindik ere arazoa ez dagoela konponduta erakutsi du erabiltzaile batek. Oraingoan kaltetua Mark Zuckerbergen izan da, sare sozialaren fundatzaile eta presidentea. Bere profilean zituen argazki pribatuak filtratuak izan dira eta ordu gutxitan bolbora bezala zabaldu dira, Mike Rundle izeneko ingeniari batek imgur web orrialdean eskegi zituenetik.

Argazkietan ez da ezer berezirik ikusten, mike bere neskalagun eta txakurrarekin jolasean, sushia prestatzen edota berak hildako oilo bat eskuetan duelarik. Facebookeko sortzaileak behin baino gehiagotan azaldu duenez, berak hildako animalien haragia soilik jaten du.

Sare sozialaren bozeramaile batek Forbes egunkarian adierazi du: “edozein erabiltzailek beste edonoren profilera sartu eta hainbat argazki ikusteko aukera momentuko arazoa zen eta jada konponduta dago”.

Segurtasunaren inguruko arazo hau EEBB-etako merkataritza komisio federalarekin akordio batera iritsi ostean etorri da, bertan, erabiltzaileen konfidentzialitatea betetzera konprometitzen zen. Fundatzaileak berak, azaroan onartu zuen errore asko izan dituztela erabiltzaileen segurtasunarekin. 

youtube look berriarekin datorkigu

Eneritz LARREA
Urte berriaren hasierarako hilabetetxo exkax falta den bitartean youtubek bere diseinua aldatzea erabaki du 2012. urteari ongi etorria emateko. Gaztelaniaz esaten den moduan ‘año nuevo look nuevo’ eta oraingoan youtubek diseinua berritu du argiagoa eta errazagoa izateko.

Googlek bere blog ofizialean adierazi duenez, berrikuntza hauekin erabiltzaileak ataria nahi duen erara moldatzeko aukera izango du. Youtubek azaldu duenez, aldaketa hauek erabiltzaileek gauzak “errazago” eta guztia kontrolpean izateko egin dira. Baina aldaketa hauen helburua web orriaren edukia google+ sare sozial berrira egokitzea izan daitekeela uste da.

Web orria zabaltzean segituan ikusiko dugu ezkerraldean hainbat bideo agertzen diren lista bat daukagula, plantila berri honek guk ikustea nahi ditugun bideoen bilaketa errazten du. Horrez gain, erabiltzaileek sartzeko bide berria izango dute.

Berrikuntza guztiak hobeto azaldu ahal izateko youtubek bere blog ofizialean bideo bateskegi du aldaketa guztiak erakusten dituena.